“Guk ez dugu nahi” taldeko Iker Gorosterrazuk eta Joanes eta Xabat Illarregik irabazi dute Bortzirietako 20. taldekako bertso lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Xorroxin irratia

Hemezortzi bertsolarik hartu zuten parte Beran eta Lesakan jokatu ziren saioetan. “Hiru Gintonik epel” taldeko Josu Sanjurjo, Maddi Ane Txoperena eta Alazne Untxalo izan ziren txapeldun orde eta Maialen Belarra gai jartzaileak eskuratu zuen Kotto Saria

Guk ez dugu nahi” taldeko Iker Gorosterrazuk eta Joanes eta Xabat Illarregik irabazi dute Bortzirietako 20. taldekako bertso lehiaketa. Larunbatean jokatu zen lehiaketa Bera eta Lesakan.

Larunbat eguerdian, hemezortzi bertsolarik ekin zioten lehiaketari Berako Xuga Ostatuan jokaturiko banakako kanporaketekin. Bortz bertso puntuagarri bota ondotik, lehen hamabi bertsolariekin hiruko lau talde osatu ziren finalerdiak jokatzeko.
Berako Kataku Ostatuan jokatu zen lehen finalerdian, “Guk ez dugu nahi” taldeko Iker Gorosterrazuk, Joanes Illarregik eta Manu Goioganak, “Xaxaju” taldeko Xabi Maia, Julen Zelaieta eta Xabat Illarregi menperatu zituzten. Manu Goioganak ordea, finalean parte hartzerik ez eta Xabat Illarregik ordezkatuko zuen gerora irundarra.
Lesakako Haizegoa Ostatuan jokatu zen bigarren finalerdian aldiz, “hiru Gintonik epel” taldeko Alazne Untxalok, Maddi Ane Txoperenak eta Josu Sanjurjok lortu zuten finalerako txartela, “Berri zaharrak” taldeko Iban Garrori, Ander Fuentes “Itturriri” eta Aitor Estebani irabazi ondotik.
Finala Arrano Elkartean jokatu zen, afal ondotik.80 bat lagun elkartu ziren afarian. Finalean “Guk ez dugu nahi” taldea izan zen nagusi eta “hiru Gintonik epel” txapeldun orde.
Bertzalde, 2006tik urtero bertsolari bati eman zaion Kotto saria, aurten Maialen Belarra gai jartzaileak eskuratu du, gai jartzaile gisa egindako lanagatik.
Maialen Belarrak berak, Garazi Kondek eta Ainhoa Larretxeak burutu zituzten larunbateko saioetako gai jartzaile eta gidari lanak eta Saioa Mitxelena, Aitor Saenz, Uxue Mesa eta Ane Telletxea arduratu ziren bertsolarien lana epaitzeaz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun