Berriz ere emakumeek osatutako ‘Muttikak’ taldeak irabazi du Lesakako Olentzero lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 26a, 08:06

18 olentzero eta 5 jaiotza aurkeztu zituzten Plaza Zaharrean astelehen eguerdian

Astelehen eguerdiko olentzero eta jaiotza lehiaketan 23 taldek hartu zuten parte Lesakan: 5 jaiotza lehiaketan eta 18 olentzero lehiaketan. Lehiaketa nagusian, hiru talderen artean, iaz bezala, neska gazte kuadrilla batek osatutako Muttikak taldeak irabazi zuen 600 euroko sari nagusia.

Bigarren saria (400 euro), Olentzeri Garbitzen taldearentzat izan zen eta hirugarrena (300 euro), Oilategi taldearentzat.

11-15 urteko kategorian, sei talderen artean, Iratzetan taldeak jaso zuen lehen saria, Bildotsak taldeak bigarrena eta Olentzero eztia egiten taldeak hirugarrena.

10 urte arteko kategorian, bederatzi talderen artean, Gizek izan zen garaile, bigarrena Txogorrienea eta hirugarrena Musikaria.

Jaiotza lehiaketan ere, kategoria nagusian Muttikak izan ziren garaile eta 100 euroko saria jaso zuten. 10 urteko arteko kategorian Izarrak taldea izan zen garaile.

Horretaz aparte, bertze Olentzero batzuk ere karrikaz karrika ibili ziren lehiaketatik kanpo. Lehiaz kanpo, modu berean, presoekin elkartasun olentzeroa ere atera zen, baita Hautoritura taldearena.

Arratsaldean, olentzero irabazlea kalejiran ibili zen musika bandarekin. Aurten, berrikuntza moduan, sariak bikoizteaz gain, kalejira bukatu arte ez ziren sariak banatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun