Bortzirietako bertso eskolaren XX. Taldekako lehiaketa abenduaren 29n jokatuko da

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 23a, 09:50
Hogeigarren edizioa beteko du Bortzirietako taldekako bertsolari txapelketak.

Azken bi urteetan bezala, lehen fase irekia eginen dute Berako Xugan, lau talderen arteko finalerdiak Berako Katakun eta Lesakako Haizeguan eta finala Lesakako Arranon

Bortzirietako bertso eskolak hogeigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da abenduaren 29en. Duela bi urte hasitako lehiaketa moduari eutsiz, lehen fase irekiaren ondotik, hiru bertsolariko lau talde osatuko dira.

 

Abenduaren 29an, larunbatean 12:00etan jokatuko da Berako Xugan lehen fasea, parte hartu nahi duen guziarendako irekiak. Sailkatzen diren lehen hamabi bertsolariekin, puntuazioaren arabera hiru laguneko lau taldetan banatu eta jokatuko dituzte finalerdiak. Lehenbizikoa Berako Katakun jokatuko dute 17:00etan eta bigarrena Lesakako Haizeguan 18:30ean.

Finalerdietan nagusitzen diren bi hirukoteek finala Arranon jokatuko dute. 21:00etan afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan  eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun