Erakunde eta jende horri eskerrak emateaz gain, erakusketa atontzen eta elkarrizketak egiten lagun izan dituen Modesto Maia, Begoña San Julian eta Txaro Zubiriri eta beraien bikoteei ere eskerrak eman zizkien. Hogei pertsonekin egindako elkarrizketekin 20 ordu baino gehiagoko grabaketak bilduak ditu Compainsek, baita hainbat agiri eta argazki ere, eta horiekin guztiekin, dirulaguntzaren bat lortuz gero, ikusentzuneko bat edo libururen bat argitaratzeko aukera ez du baztertzen. 50 lagunek tresnak, altzariak, argazkiak eta agiriak ere utzi dizkiote erakusketarako.
1920-1950 urte horietako mugarriei dagokienez, haurren hilkortasun handia azpimarratu zuen Belen Compainsek, “%17koa lehen urtean eta %30ekoa haurtzaro osoari zabalduz gero. Hau da, hiru umetatik bat ez zen helduarora ailegatzen, hori ikaragaria da!”. Analfabetismo maila %30 ingurukoa zen eta hezkuntza erabiliz euskara erabat guttitu zen. Familia ugariak eta hedatuak ziren eta elizak garrantzi handia zuen arlo guztietan. Garai horretako bertze mugarrietako bat, noski, 1936 eta 1939 arteko gerra izan zen.
Erakusketa irekitzeko, Belen Compainsen solasen ondotik, elkarrizketa batzuen bideo laburrak ikusi zituzten eta Gaizka Sarasolaren doinuak aditu ahal izan ziren musikari eskainitako txokoan, bisitariek bertze hainbat txoko ikusten zituzten bitartean (kirola, hezkuntza, erlijioa, familia, pedriatria eta haurzaintza, Espainiako Gerra…).
Abenduaren 20ra bitarte, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte ateak, abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an izan ezik.