Eguberrien atarian janari bilketa eginen dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 21a, 08:51
Eguberrietako ospakizunak elkartasunarekin abiatuko dira Etxalarren.

Abenduaren 22an eta 23an eliz atarian eta abenduaren 16tik 23ra plazako janari-dendan biltzen ari dira 

Urtero bezala, Eguberrien bueltan, Etxalarko parrokiako juntak antolatuta, beharrean daudenei laguntzeko janari bilketa eginen dute. Abenduaren 16tik 23ra plazako janari dendan utzita edo abenduaren 22an (18:00etatik 19:00etara) eta abenduaren 23an (11:00etatik 12:00etara) eliz atarian bilduko dute.

 

Ospakizunak Etxalarren

Ospakizunak abenduaren 24an hasiko dira. 16:30ean plazan elkartu eta herrian barna ibiliko dira. Herriko txistulari eta trikitilariek girotuko dute herria. Olentzero eta Mari Domingiren zain egon bidenabar, txokolate beroa eskainiko dute.

Abenduaren 31n, ohiturari eutsiz, herriko haur eta gaztetxoak eskean ibiliko dira. Larraburua elkarteak antolatuta, urtea Bingoarekin hasiko dute, Herriko Ostatuan, 18:00etan. Errege Eguneko txokolate beroarekin akabatuko dira ospakizunak. Urtarrilaren 6an ez du hutsik eginen urteroko txokolate beroak. 17:00etan dute hitzordua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun