Iturbide 2008ko otsailaren 15ean atxilotu zuten Donibane Lohizunen, Mikel San Sebastian herritarrarekin batera. Lehenagotik ere saiatuak ziren atxilotzen, urte hartako urtarrilaren 6an Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak atxilotu eta bi egunetara, hain zuzen. Iturbide 2010eko ekainaren 1ean aske utzi zuten eta 2012ko urriaren 28an berriz atxilotu zuten Frantzian. Frantzian jarritako bortz urteko zigorra bete ondotik Espainiaratu eta libre utzi zuen epaileak.
Hamar urte beranduago berriz ere epailearen aitzinean deklaratu behar izan du, duela 11 urte Castellonen 500 kilo lehergailu zeramatzan autokarabana bat zartarazi izana leporatzen diotelako. Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta eduki zuten bitartean egin zituen adierazpenak daude Iturbideren aurkako akusariozaren oinarrian. Fiskalaren arabera, Iturbidek autokarabana eramaten eta hura zartarazten lagundu zuen. Aitzitik, Iturbidek ukatu egin du hori eta leherketa izan zen urtean ez zela ETAko kide adierazi du, bera 2011n sartu zela. Fiskalak bere aurkako zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du.
Joan den larunbatean Lesakan egindako agerraldian babesa eskaini zioten Iturbideri, «froga bakarrak torturapeko deklarazioak izaki, epaiketa bat egitea ez dela onargarria» salatuz. Aldi berean adierazi zutenez, «Donostiako Epaitegiak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Igor Portuk eta Mattin Sarasolak tratu txarrak jasan zituztela ebatzi zuten». Hortaz, agerraldian azaldu zutenez, «Mattinen deklarazioen balioa erabat zalantzen jartzen du, torturapekoak direlako».