Bortzirietako neska pilotarien topaketa eginen dute abenduaren 29an Arantzan

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 20a, 07:00

Nesken pilotari bulkaldia emateko, kirol horretan ari direnak elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko helburuarekin, neska pilotarien topaketa antolatu dute Arantzan.

 

Arantzan pilotan ari diren nesken gurasoek antolatu dute topaketa. Beraien hitzetan, «gero eta neska gehiago ari dira pilotan, baina oraindik guttiengoa dira. Batzuk txapelketetan, bertze batzuk ez; baina guztiek entrenatzen dute astero eta bi, hiru edo lau urte daramatzate pilotan». Bortzirietan «koadrilla polita» badela iritzita, bultzada eman nahi diote «nesken kirolari, pilotari eta nesken pilotari».

Helburu horrekin, abenduaren 29ko goizean pilota jokoak eginen dituzte Arantzako frontoian eta eguerdian pilotariek eta haien familiek bazkaria eginen dute. Horrekin batera, Emakumeen Baratzean arbola landaketa eginen dute.

Ekimena antolatu dutenek animatzeko deia luzatu dute. Parte hartu nahi dutenek abenduaren 22a baino lehen eman beharko dute izena 665 73 77 78 telefonora deituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun