'Zuk nola gozatu eta disfrutatzen duzu?' film laburren lehiaketarako izen-ematea zabalik

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 18a, 06:44
Toki Ona ikastetxeko 4. mailako ikasleek 'Lotsagabe' antzerkia ikusi ondotik, antzerkiko gaiak lantzeko aukera izanen dute.

Gizarte Zerbitzuek film laburren lehiaketan parte hartzeko deia egin diete bortziriarrei

Bortzirietako Gizarte Zerbitzua eta Toki Ona institutua, bertzeak bertze, hezkidetza alorreko sentsibilizazio eta formazio ekintzetan elkarlanean ari dira. Ikasturte honetan, erraterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek Gozamenez programak eskaintzen duen Lotsagabe antzerkia ikusteko parada izan dute.

 

Antzerkiko gaiak sakontzeko tailerra ere eginen dute

Abenduaren 17an ikusi zuten harremanak (bikote harreman homosexualak, heterosexualak), lagun arteko harremanak (konfidantza, aurreikuspenak, beldurrak, komunikazioa…), sexualitatea (bizitzeko era anitzak, maitasun erromantikoa, gorputza, sentimenduak…) lantzen dituen antzerkia eta ondorengo asteetan tutoretza orduetan, bertako hezitzailearekin antzerkiko gaiak sakontzeko taller bat eskainiko da.

 

Film laburren lehiaketa 12-25 urte bitartekoentzat

Era berean, hezkidetzaren gaiari estuki lotua den Zuk nola gozatu eta disfrutatzen duzu? film laburren txapelketan parte hartzeko deia luzatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak. Izen-ematea zabalik da dagoeneko eta 12-25 urte bitarteko nafarrek parte har dezakete (banaka edo taldeka).

Lehiaketaren helburua «sexualitatearen inguruan hausnarraraztea» da. Ikuspuntu anitzak, positiboak, integralak eta pluralak bildu nahi dira, «pertsonen garapen globala» bilarazteko. Aurkeztutako lanak bi kategorietan banatuko dira: batetik, 12-17 urte bitartekoenak; eta bertzetik, 18-25 urte artekoenak, bilduko dira. Ikus-entzunezko teknika guztiak onartuko dira.

Urtarril bukaerara arte eman daiteke izena eta martxoaren 23rako aurkeztu beharko dira. Film laburrak apirilaren 9tik 29ra www.gozamenez.com helbidean ikusi ahal izanen dira eta epe horretan botoak eman ahal izanen dira. Sariak, berriz, maiatzaren 3an banatuko dira. Informazio gehiago nahi izatekotan www.gozamenez.com helbidean eskura daiteke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun