Ioseba Iturbideren kontrako epaiketa salatzeko eta babesa erakusteko agerraldia egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 17a, 08:13
Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Lesakako plazan, Ioseba Iturbideren kontrako epaiketa salatzeko.

Hilaren 19an epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, duela hamaika urteko gertaera batzuk leporatuta

Abenduaren 19an Ioseba Iturbide lesakarra epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, duela hamaika urteko gertaera batzuk leporatuta. Zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen dio fiskaltzak, «froga bakartzat Mattin Sarasolaren torturapeko deklarazioak izanda». Epaiketa eta haren oinarriak salatu eta Iosebari babesa erakusteko agerraldia egin zuten larunbat eguerdian Lesakako plazan ’10 urte ehunka kilometrora, bihotzetik gertu’ herri ekimenak antolatuta, ‘Torturarik ez, Ioseba libre!’ goiburupean.

 

Plazan irakurri zen agiriak dioenez, «2008ko urtarrilaren 6an Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak atxilotu zituen Guardia Zibilak Arrasaten, ETAko kide izatea egotzita. Oihartzun handiko atxiloketak izan ziren, biharamunerako Igor erietxean ingresatu zutelako egoera larrian, jasandako torturen ondorioz. Mattin bortz egunez inkomunikatuta eduki eta bortizki torturatu zuen Guardia Zibilak, bertze hainbat euskal herritarrek pairatu izan duten moduan».

Atxiloketa horietatik bi egunera, urtarrilaren 8an, Mikel San Sebastian eta Ioseba Iturbide atxilotzen saiatu ziren; ez zituzten etxean aurkitu, ordea. «Bortz egunez gure herritarrak eta herria etengabe egon zen komunikabideetan».

Ioseba eta Mikel otsailaren 15ean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen. Ioseba aske utzi zuten 2010ko ekainaren 1ean, eta 2012ko urriaren 28an berriro atxilotu zuten, Frantzian. Frantzian jarritako bost urteko espetxe zigorra bete ondotik Espainiaratu eta aske utzi zuen epaileak. 

10 urte beranduago berriz ere epailearen aitzinera deitu dute Ioseba, duela 11 urte izandako gertaera batzuk egotzita epaitzeko.

Tarte horretan, Donostiako Epaitegiak (Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi arren) nola Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Igor eta Mattinek tratu txarrak jasan zituztela ebatzi zuten. Horrek, herri ekimenaren ustez, «Mattinen deklarazioen balioa erabat zalantzan jartzen du, torturapekoak direlako. Eta hori da Iosebaren aurka daukaten froga bakarra: torturapean ateratako deklarazioak».

Larunbateko ekitaldian, Ioseba Iturbide herritarrari babesa eskaini nahi izan zioten epaiketa honen aitzinean. «Froga bakarrak torturapeko deklarazioak izaki ez da onargarria epaiketa bat egitea. Are, Estrasburgoko epaiaren ondotik, tratu txarrak frogatu ondotik, ez dugu onartzen Mattinen torturapeko deklarazioak froga moduan erabiltzea», aipatu zuten.

«Euskal Herrian bake eta normalizazio politikorako aro berri bat ireki da azken urteotan. ETA erakundeak pauso sendoak eman ditu norabide horretan; estatu espainiarrak, ordea, iraganeko errepresioaren zurrunbiloan harrapatua segitzen du. Euskal gatazkari behin betiko irtenbidea emateko garaia da, kartzelak hustutzeko, presoak Euskal Herrira ekartzeko… Bide horretan Iosebaren kontrako epaiketa oztopo bat baino ez dela» salatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun