Teknologia berrien erabileraren inguruan ohartarazi du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 14a, 08:00

Eguberriak oparien garaia direla kontuan hartuz eta etxeko gaztetxo aunitzen opariak teknologia berriak izanen direla eta, hainbat gomendio eman nahi izan dituzte Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik. Bertzeak bertzek, erabilera adostearen eta erabileran heztearen garrantzia nabarmendu dituzte.

 

Sakeleko telefonoa

Etxeko gazteek sakeleko telefonoa opari hartu baldin badute, «hasieratik erabilera adostu eta arautu» behar dela uste dute Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek. Hala nola, denbora eta tokia. Telefonoa zaintzeaz arduratu behar dutela ere garbi adierazi behar omen zaie: «galduz gero, hautsiz gero, ebatsiz gero... guraso, nola jokatuko duzu?».

Gisa berean, erabilera egokian «hezi» behar direla azaldu dute: «jatorduetan mugikorrik ez erabili, etxeko guztiek mugikorrak uzteko tokia izan, gauez logelan mugikorrik ez utzi atsedena hartzeko zailtasunik ez izateko, ikasterakoan erabilera mugatu, kalkulagailauk, iratzargailua, erlojua... eduki gehiegizko erabilera saihesteko eta routerra itzali».

Bideo-jokoak

Opari gisa bideo-jokoak hartzen baldin badituzte «ordutegia arautzea» garrantzitsutzat jotzen dute Gizarte Zerbitzuetan. Horrekin batera, «kanpoko alarmak jartzeko» ere ahokatu dute, «pasatutako denboraren inguruan kontzientzia hartzeko». Adinari egokitutako jokoak erosteko eta PEGI kodeak ezagutzeko ere ohartarazi dute.

Hori guztia kontuan hartuz, honela adierazi dute: «ez erabili teknologia berriak gure seme-alabegandik urruntzeko: beraiek entretenituak izateko, gurasoak lasai egoteko, seme-alabak txintxo egoteko...». Guraso izatea «aunitzetan lan nekeza» bada ere, «egunerokoan bete beharreko ardura» dela oroitarazi dute: «argi izan heziketa lan nekagarria edo zaila izanda ere, onurak aunitz dituela, adibidez, seme-alaben ongizatea».

Teknologia berriak seme-alabengana hurbiltzeko erabiltzearen garrantzia ere azpimarratu dute Gizarte Zerbitzuetatik, «beraiekin egoteko, solas egiteko, ikasteko edo beraiei entzuteko» erabil daitezkeela. «Etxeko ttiki eta gazteek tresnaren erabilera ezagutzen dute. Helduek, ordea, baloreak, esperientzia, irizpideak eta ikuspegi kritikoa dituzte». Eta horiek «ezinbertzekoak dira erabilera arduratsua egiteko».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun