‘Pepito Yanci, Beti bizi’ Iruñetik Donostiara joanen da

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 11a, 12:53

Victoria Eugenia antzokian eskainiko dute emanaldia abenduaren 23an (19:00etan)

 ‘Pepito Yanci, beti bizi’ goiburupean, Lesakako musikari handiari omenaldia egin zion joan den urteko abenduaren 30ean Lesakako musika bandak. Bi saio eskaini zituzten Harriondoan, biak jendez gainezka. Larunbat honetan, argazkietan ageri denez, Iruñeko Gayarre antzokian eskaini zuten emanaldi arrakastatsua. Ez da hor bukatuko Pepito Yanciren soka, abenduaren 23an, igandean 19:00etan. Emanaldi honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Victoria Eugenia antzokiko webgunean.

Emanaldiaren gidoia Andoni Egaña bertsolariak prestatu du eta musika konponketak Xabier Zabalak. Talde eta musikari gonbidatuen artean Golden Apple Quartet (talde honek famatu zuen bere garaian Pepito Yancik Los Xey taldearekin abesten zuen ‘Buen menu’ kantua), Iñaki Dieguez, Lesakako Soinulariak, dantzariak, Antxon Gisasola, Inma San Sebastian eta Dani Conde daude.

 

Pepito Yanci, Munduko akordeolari onena izendatu zuten Argentinan

Pepito Yanci “Aizali” 1917ko urtarrilaren 1ean jaio zen Lesakan eta 1985eko abenduaren 26an hil zen Donostian.

Bere aitak pianoa nahiago bazuen ere, gazte-gaztetatik akordeoirako afizioa erakutsi zuen Pepito Yancik. Honela, lehen irakaslea Modesto Irisarri etxalartarra izan zuen eta honek musikari handia izateko bidea ikusten zion eta kontzertu handiak emateko pres­tatu nahi izan zuen. Baina hau ez zen Pepitoren ametsa. «Hark nahiago zuen besta, ezkontza eta despedidetan jo» gogoan du lagunmin izan zuen Jose­txo Iraundegi irundarrak.

Pepitoren zaletasunari amore emanez, 1930. hamarkadan Larrinaga-Guerini markako akordeoi bikaina erosi zion aitak, garaiko 1.300 pezeta balio zituena. Konparazio batera, garai beretsuan etxe ttiki bat bere baratzearekin 600 pezetetan erosi zuen Paulo Yancik.

Ordutik aitzinera, Pepito Yanci harat-honat ibili zen akordeoiarekin. 14-15 urte zituela Irungo Kasinoan, baita Donostiako Bellas Artes eta Principal antzokietan ere jo zuen. 15 urterekin, Radio San Sebastian Irratian jo zuen eta arrakasta handia izan zuen.

 

Los Xey Taldea

Urte batzuk beranduago, Easo Abesba­tzako zuzendariaren ezkontz-despedidan jotzen ari zela, gero Xey taldea osatuko zuten kideak ezagutu zituen. Talde honekin Euskal Herri osoan jo zuen, baita Madril, Bartzelona eta Espainiako hiriburu nagusietan ere. 1947an, itsasoz bertzaldera salto egin zuten hiru hilabeterako kontratu batekin, baina hamar urtez luzatu zen talde honen Ame­riketako egonaldia. Gehien bat Mexikon jo zuten, baina Kuba, Uru­guai, Txile, Peru, Brasil, Venezuela, New York… harat-honat ibili zen Los Xey taldea eta aski famatuak egin ziren Ameriketan. Buenos Airesen egindako nazioarteko akordeoi lehiaketa batean parte hartu zuen eta irabazi. Orduan, Munduko akordeoilari onenaren “titulua” eman omen zioten.

Ameriketatik etxera bueltan akordeoi irakasle izan zen Donostian, Lesakan, Beran… Akordeoi eta trikitixarako 500 kantu osatu omen zituen, baita bertsoak ere eta, errate baterako, euskarazko letra jarri zion, “O Sole Mio” kantu napolitar ezagunari. Victor Manuel kantari asturiar famatuak, Ana Belenen senarrak, ere euskaraz kantatu omen du Pepito Yanciren kanturen bat.

Bere lana eskertuz, hainbat omenaldi jaso zituen: Lesakan 1971ko maiatzaren 16an, Irunen 1975eko martxoaren 23an, 1978an Angulako Ko­frade egin zuten Hendaian… Bidasoako Izokinaren Kofradiako sortzaileetako bat izan zen, baita Irungo Kurpil Kirolak elkarteko bazkide ere.

1985eko Eguberrietan hil ondotik ere, Joaquin eta Josetxo Silguero anaiek “Añoranza” Zortzikoa eskaini zioten eta 1986ko uztailean oroigarria ezarri zuten Lesakako bere sortetxean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun