3.861.118 euroko aurrekontua onartu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 11a, 09:25
Berako Eztegara pilotalekuaren moldaketa lanen azkeneko fasean ostatua eta komuna berrituko dituzte.

Azpiegitura planaren baitan, Agerrako saneamendu eta ur-hornidura sareak moldatuko dituzte eta Eztegagara pilotalekuko moldaketen azken fasean ostatua eta komuna berrituko dituzte 

2019 urterako aurrekontuak onartu ditu Berako udalak, aldeko 7 boturekin (EHBilduren seiak eta Herrirako taldeko bat) eta kontrako 4rekin (Herrirako bertze hiru zinegotziak eta UPNkoa). Guztira 3.861.118 eurokoa izanen da. Azkeneko urteetakoekin alderatuz, aurtengoan ezin izan dituzte kontuak berdindu mailegurik aurre ikusi gabe. 73.000 euroko mailegu bat hartzea aurre ikusi da. Nola nahi ere udalaren zorra jausten segituko da 2019an, maileguen amortizaziorako 93.000 euro jarri direlako eta inbertsio maila mantentzen.

2019an azpiegitura planeko inbertsio garrantzitsuak egitea aurre ikusten da eta horrek bertze gastuetarako mugak jartzen dizkio Berako Udalari. Baina azpiegitura lan hauek behar beharrezkoak dira eta dirulaguntza ona dutenez lehentasuna izanen dute 2019an.

Garbiketa zerbitzua bere gain hartuko du udalak. Orain arte lehiaketan ateratzen zen zerbitzua eta enpresek eskaintzak egiten zituzten. Azken urteetan zerbitzua garestitzen joan da eta arazoakizan dira zerbitzua ongi emateko. Berako udalak zerbitzu publikoak indartu eta hobetzeko asmoa du eta zentzu horretan garbiketako langileak subrogatu eta udal langile bihurtuko ditu. Lan poltsa bat egiteko asmoa dago langile hauen ordezkapenak eta garbiketa lan extrak egiteko langileak hautatzeko.

 

Musika Eskolaren tasak %60 igoko dira

Sarreren atalean, tasak KPIaren arabera igo dira orokorrean. Udalaren gastuak ere neurri horretan igotzen direnez beharrezkoa ikusi da hala egitea.

Musika eskolaren kasuan, ordea, bertze modu batera egin dute. Musika eskolaren finantziazioa hagitz eskasa da Nafarroako Gobernuaren aldetik. Hasiera batean %33ko dirulaguntza aurre ikusten zen baina gaur egun %10 ingurukoa da bakarrik. Honen ondorioz Berako udalak urtero urtero gastu haundia jasaten du musika eskolaren funtzionamendurako. Defizit hau ttikitu asmoz musika eskolako tasak %60 igotzea planteatu da 2019-2020 kurtsorako. Igoera honek ez die eraginen Beran bizi diren ikasleei, udalak dirulaguntza bat lortuko duelako igoera hau bonifikatzeko.

Beratik kanpo bizi diren ikasleen kasuan berriz ikusi beharko da igoera hau nola aplikatzen den. Berako Udala inguruko herrietakoekin harremanetan jarriko da ikusteko udalek ordainduko ote duten igoera hau edo ikasleek asumitu beharko duten. 

Dirulaguntzen atalean azpiegitura planeko obretarakoak aipatu behar dira. Orokorrean inbertsioaren %60koak izaten dira eta guztira 2019rako 380.000 euro ingurukoak. Horiei gehitu behar zaizkie libre erabakitzeko 35.000 euro. Nafarroako Gobernuak udalei banatzen dien funtsa %4,5 igo da eta hortik ere gehixeago jasoko du Berako Udalak, 845.000 euro inguru, udal finantziazioa hobetze bidean.

Mendiko loteen kasuan 2019an salduko da Berako azken intsignis pinadegi heldua, Bordaxurikoa. 100.000 euro ingurutan ateriko da enkantean.

Berako udalak ahalegin handia egin du aurten ere dirulaguntza eskaerak prestatu eta jasotzeko eta horri esker inbertsio mailari eutsi diezaioke, banketxeei mailegu haundiegirik eskatu gabe eta herritarrak sobera estutu gabe. Honek administrazio lan haundia eskatzen du udaletxeko langileen aldetik, baina bertze finantziazio sistemarik ez dagoen bitartean horrela ari behar. Tokiko maparen legearekin egoera hau ere zuzentzea espero da.

 

Agerra auzoko saneamendu eta ur hornidura eta Eztegara pilotalekuko azken fasea

Irteeren atalean, gastu arruntak berdintsu mantentzen dira.

Inbertsioen aldetik, berriz, 2019 urtean azpiegitura planeko bi inbertsio handi egin behar dira. Agerra auzoko saneamendu eta ur hornidura sareak moldatzeak 457.440 euroko aurrekontua du eta Eztegara pilotalekuko moldaketen azken fasea, tartean ostatua eta komunak berritzea 200.206 eurokoa. Guztira 658.000 euro inguruko inbertsioa izanen da, nahiz eta %60 inguruko dirulaguntza jasoko duen Udalak.

Inbertsio hauez gain, bertze bi obra handi Espainiako estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren negoziazioen emaitzen esperoan dituzte. Nafarroako Gobernuak azpiegitura planaren anpliazioa egiteko lege bat egin du, baina oraindik ez dago ziur Espainiako estatuak diru hori inbertitzen utziko dionik. Gauzak ongi badoaz herriko ur sarearen zati haundi bat moldatuko da 313.979,99 euroko inbertsioa eginez eta Legarbidea auzoko urbanizazioa berritu 499.965,12 euroko kostuarekin.

Bertze partida garrantzitsu bat landaketena da, 2019 urteko neguan Komiziarra inguruan landaketa egiteko 80.000 euro aurre ikusi dira. Honetaz gain mendian larreak garbitzeko 8.000 euro eta pinadegiak botatako tokian adarrak biltzeko 7.000 euro gorde dira. Lan hauek urtero egiten den mendiko proiektuan sartzen dira eta %60 eta 80 arteko dirulaguntza izaten dute.

Hauez gain urtero bezala ur sarean hobekuntza eta moldaketentzat, espaloietarako, bideak moldatzeko eta bertzeetarako diru-atalak gorde dira urtean zehar sortzen diren beharrak erantzuteko asmoz.

Memoria historikoa jorratzen segitzeko partida bat ere gorde da eta kirol eta kultur ekitaldietarakoak ere berdintsu mantendu dira. Hauez gain, urtero bezala, ur sarean hobekuntza eta moldaketentzat, espaloietarako, bideak moldatzeko eta gisakoetarako partidak gorde dira urtean zehar sortzen diren beharrak erantzuteko asmoz.

Memoria historikoa jorratzen segitzeko partida bat ere gorde da eta kirol eta kultur ekitaldietarakoak ere berdintsu mantendu dira.

Berako EHBildutik jakinarazi dutenez, «2019 urtea ere bete betea datorrela erran dezakegu. Udala ekonomikoki sobera behartu gabe inbertsio hauek sartzea lortu dugu eta saiatuko gara ahalik eta hobekien hauek antzinera ateratzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun