Aizpea Goenagak piztu du IrriSarri Landeko txondorra

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 5a, 09:06
Aizpea Goenaga, txondorra pizten.

15.000 kilo egur erabili dira et 5 Tona ikatz lortzea espero dute 

Duela bortz urtetik hona, IrriSarri Landek euskara eta euskal kultura hainbat modutan zabaltzen laguntzen duen pertsona bat omentzen du. Aurten, Aizpea Goenaga zinema zuzendari eta aktoreak piztu du txondorra, eta bere aztarna utzi du Ikaztegia–Ikatz Museoko enbor batean, aitzineko urteetan  Iñaki Perurenak, Xabier Euzkitzek, Xabier Agotek eta Toti Martínez de Lezeak egin duten bezala. Ekitaldia Estitxu Pinatxo Berako kantariak aurkeztu eta gidatu zuen, eta Aurtizko joaldunak ere bertan izan ziren.

Urtarrilaren 1era bitarte, jendeak txondorra ikusteko aukera izanen du. Guztira, 15.000 kilo egur erabili dira, eta parkeko langileek bi aste behar izan dituzte txondorra egiteko. Zehazki, Ikaztegia–Ikatz Museoan dago; bertan, tamaina naturaleko erreprodukzioak erabiliz, txondorra egiteko moldea erakusten da, bai eta lehenagoko ikazkinen bizimodua ere. Parkea egunero egonen da abenduaren 9ra bitarte, eta egunero, bisita gidatuak eginen dira ikazkina eta haren lana ikusi eta ikasteko. Era berean, tabernan, gaztain-jatea egiteko eta pintxo-potea dastatzeko aukera izanen da.

Olentzero abenduaren 22an eta 23an etorriko da, arratsaldez, haurren gutunak jasotzera.  

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun