Josu Goiari omenaldia eskainiko diote abenduaren 16an Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 4a, 10:27
Musika zuzendari ere izan zen Josu Goia.

Eguerdian Kultur Etxean eginen den ekitaldiaren ondotik herri bazkaria eginen dute Zubiondon eta txartelak abenduaren 9ra bitarte eskura daitezke

Josu Goiaren ibilbide politikoa omentzeko ekitaldia antolatu du Sortuk abenduaren 16an, 12:00etan Berako Kultur Etxean. Ondotik, poteo herrikoia eginen dute eta 14:00etan bazkaria Zubiondo jatetxean. Bazkarirako sarrerak Kataku herri ostatuan salgai daude, abenduaren 9ra bitarte. Helduek eta beganoek 20 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 8 euro.

 

Kultur Etxeko ekitaldian, bideoak, Aurreskua, Tasio Erkiziaren solasaldia, Pettiren abestiak, txalaparta, txistulariak eta Josu Goiak hain gogoko zituen ‘Internazionala’ eta ‘Eusko Gudariak’ abestuko dituzte, baita berak konposatu eta aurten Berako bestetan musika bandak estreinatu zuen ‘Altzateko Jaunari Otoitz’ pieza ere.

Josu Goia Etxeberria 1947an jaio zen Beran eta aurtengo azaroaren 3an hil zen, 71 urte zituela. Ezker abertzaleko kide historikoa izan zen eta Herri Batasunaren lehenengo Mahai Nazionalean parte hartu zuen. Berako alkate ere izan zen 1999tik 2003 urtera Euskal Herrutarrok alderdiarekin eta hamasei urtez zinegotzi.

2003an, Beraginez hautagaitzako zerrendaburua izan zen Nafarroako udalerrian, baina Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen. Herri Batasunaren lehenengo Mahai Nazionaleko kidea izan zen, eta Nafarroako Parlamentuaren legebiltzarkidea 1979an.

Egin-eko Administrazio Kontseiluan parte hartu zuen, eta Gara egunkaria argitaratzen duen Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteko kontseilaria 2018ra arte.

Musikaria eta abeslaria ere izan zen bizitza osoan, baita idazlea eta eskultorea ere. Liburuak eta diskak ere argitaratu zituen. Berako elizako organo-jolea ez ezik, Musika Bandako zuzendari ere izan zen urtetan. Bere azken ekarpena, aurtengo Berako bestetan musika bandak estreinatutako Altzateko Jaunari Otoitz musika-piezaren partitura izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun