Ongi hornitutako kultur egunak dator aurten ere Igantzira

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 4a, 08:38
'Desentxufatuak' antzezlana eskainiko dute ortziralean Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek.

Abenduaren 5etik 9ra bitartean izanen dira

Aurtengoan ere egitarau zabala prestatu du abenduaren 5etik 9ra eginen diren Kultur Egunetarako Igantziko euskara batzordeak, bertako taldeen, udalaren eta eskolaren laguntzarekin. 

 

Abenduak 5, asteazkena

Errementari filmaren emanaldiarekin emanen zaio hasiera kultur egunei. Helduentzako film honek Patxi errementari arriskutsu eta bakartiaren istorioa kontatzen du.  Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa bat errementeriarengana hurbiltzen da, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria. Emanaldia Erretorbaitan izanen da, 19:00etan.

 

Abenduak 6, ortzeguna 

Eguerdiko 12:00etan herriko dantzarien saioa izanen da, karriketan barrena. Kasu honetan 12 urte bitarteko dantzari taldeak arituko dira.  

Arratsaldean, berriz, 16:30ean hasita, cookieak (gailetak) egiten ikasteko tailerra izanen da, haurrentzat, Biltokin. Ondotik, 18:00etan, haurrentzako ipuin kontalaria izanen da gimnasioan. Estitxu Mentaberriren eskutik izanen da, eta Betaurreko moreak jarri eta mundua irauli ipuina eskainiko du.

Eguna borobiltzeko, eskaladari buruzko solasaldia eta ikus-entzunezkoa eskainiko dute Andoni Arregi eta Imanol Amundarain eskalatzaileek Biltokin, Madagaskar, eskalada aitzaki emanaldiarekin, 19:00etatik aitzinera.

 

Abenduak 7, ortziralea 

Ekitaldi bakarra izanen da egun honetan: helduentzako antzerki emanaldia: Tartean Teatro taldeak Desentxufatuak antzezlana eskainiko du. Patxo Telleria eta Mikel Martínez aktoreen lana da, eta bi euskara ikasle dira protagonistak, «munduko euskaldunberririk zaharrenak»; izan ere, berrogei urte daramate euskaltegian. Emanaldia Baratzondon izanen da, 21:00etan.

 

Abenduak 8, larunbata

Aurten, eskolak antolatuta, Arantza, Etxalar eta Igantziko eskoletako ikasleen arteko bertsopaper lehiaketa izanen da. Hiru eskoletan bertsolaritza lantzen ari dira Estitxu  Arotzenarekin. Ikasleek beren bertsoak prestatu eta lehiaketa horretara aurkeztuko dituzte. Hainbat kategoria izanen dira, eta bakoitzean lan bat sarituko da. Hortaz, abenduaren 8an, 16:30ean, sari banaketa eginen da, eta saritutako bertsoak aditzeko aukera izanen da. Lehiaketara aurkeztutako bertso guztiekin erakusketa osatuko dute, eta ikusgai egonen dira Baratzondon, kultur egunetan.

Egun berean, 17:00etan, haurrentzako txalaparta tailerra izanen da. Eguraldi ona eginez gero frontoian izanen da; bertzela, gimnasioan.

 

Abenduak 9, igandea

Kultur egunei akabaila borobila emanen zaie aurten. Gaztain eta opil jatea izanen da Baratzondon, 17:30ean, puntako bertsolariekin: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Gai jartzaile Julen Zelaieta arituko da. Helduek 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute, eta 12 urte bitarteko haurrek 2 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun