XIV. Keinu Leihoak antzerki zikloa larunbatean hasiko da Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 27a, 11:36
Asier Gogortzaren 'Mendebalde' erakusketako argazkietako bat.

Bi antzezlanez gain, Asier Gogortza argazkilari beratarraren ‘Mendebalde’ erakusketa ikusgai izanen da Harriondoan

Mairu Antzerki Tailerrak Keinu-Leihoak antzerki jardunaldien hamalaugarren edizioa antolatu du. Aurten, berrikuntza moduan, argazki erakusketa batekin abiatuko da. Abenduaren 1ean, Asier Gogortzaren Mendebalde argazki erakusketa irekiko da larunbatean 19:30ean Harriondoan.

 

Berako argazkilariaren proposamen honetan, baserriaren atzealdeak bakarrik ageri dira, kasu gehienetan mendebaldeko horma izaten den hori. Jakina da baserri tradizionalak eguzkia sortzen den aldera izaten duela bere fatxada nagusia, ekialdera. Baserriaren atzealdea, ordea, mendebaldera begira izan ohi dute gehienetan, eguraldi zakarra eta haizea datozen tokira. Horregatik izaten dira mendebaldeko paretak apenas leiho eta aterik gabekoak. Argazkietan ageri denak ez du bat eginen, seguru aski, burutan dugun euskal baserriaren irudiarekin. Errealitateak eta pertzepzioak talka egiten duten haustura-tarte horretan kokatu nahi izan du argazki lan hau. Asier Gogortzaren ‘Mendebalde’ erakusketa, beraz, abenduaren 1etik 16ra, zikloan eskainiko diren bi antzezlanen artean ikusteko aukera izanen da. Harriondoa Kultur Etxeko sarreran paratuko dituzte argazkietako batzuk eta, beraz, Kultur Etxea irekia dagoenean ikusteko aukera izanen da. Baina horretaz gain, herriko zenbait etxetako paretetan ere jarriko dituzte.

 

Bi antzezlan

Larunbatean bertan 20:00etan, Ximun eta Manex Fuchs anaiek osatzen duten Axut! Taldeak  Zazpi senideko antzezlana eskainiko du, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Bi aktore, bi anaia eta anaitasun ebatsiaren inguruko zazpi istorio antzerkira ekartzen ditu antzezlanak, tartean Gaizka Sarasola herritarrarena.

Anaitasunarena, txikitatik eraikitako labirintoa da, ihesbiderik gabekoa, lotura definitibo bat. Odolekoak ala biziak eskainitakoak, senideak norbanakoa osatzen du. Baina nola aritu anaia, ahizpa, neba edo arreba ebatsia izan zaigunean? Presondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak bete ezinezko hutsunea sentiarazten duenean, nola dirau gurea dugun GU horrek bizirik?

Bukatzeko, Miren Tirapu zuzendari eta antzezle duen Beheko Larraineren proposamen berria, Manifestu bat antzezlana taularatuko dute abenduaren 16an, 18:00etan Kasinon.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun