175 azienda plazaratu ziren Lesakako feria egun jendetsuan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 23a, 07:58

Lesakako Gillenbordako eta Berako Begibeltzenekobordakoak eskuratu dituzte sari nagusiak behi aziendetan, Marisol Otxoteko lesakarrak zaltabereetan eta Berako Miguel Angel Etxegaraik aharietan

175 azienda aurkeztu ziren ortzegun goizean Lesakako Plaza Zaharra ingurura, Bortzirietako feria egunean parte hartzera, joan den urtean baino 50 gehiago. Horietatik 96 zaltabereak ziren (iazkoaren bikoitza kasik, aitzinego egunetan egindako euriarengatik ezin izan baitzituzten menditik bildu), 77 behi (azken urteetako kopururik handixkoena), batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat eta 2 ahari baino ez. Eguraldi politari esker, jendetza bildu Lesakako karriketan.

 

Suitzako arrazako behien kategorian lehen eta hirugarren sariak, 190 eta 100 eurokoak, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairentzat izan ziren eta bigarrena, 100 eurokoa, denera 25 behi aurkeztu zituen Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat. Haragitako behien kategorian,  190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena ere, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen. 160 euroko bigarren saria Maribel Indarentzat izan zen.

Zaldi aziendetan, 125 eta 95 euroko lehen bi sariak Lesakako Marisol Otxotekorentzat izan ziren. Oihan Olaizola semeak jaso zituen sariak. Hirugarren saria (50 euro), Maribel Indarentzat izan zen. Hau ere, honen semeak, Beñat Oronozek jaso zuen. Mari Sol Otxotekok 100 euroko saria jaso zuen pottoka onenarengatik, Jon Iturbide lesakarrak 80 euro monturako behor onena aurkezteagatik eta Mikel Apeztegiak 70 euro ponny onena plazaratzeagatik.

Aharietan, bi ahari bertzerik ez ziren aurkeztu eta (50 eta 30 euro) hauek aurkeztu zituen Berako Miguel Angel Etxegarairentzat izan ziren.

Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan eta Beheko Plazan bildu ziren. Baztango gaiteroak ere karrikaz karrika ibili ziren giroa jartzen.

Elikadura postuak ere jarri ziren plazako aparkaleku inguruan eta bertze hamarka salerosketa postu ere jarri zituzten.

Azienda lehiaketako sariak banatu baino lehen, herri kirol saio mistoa eskaini zuten, emakume eta gizasemeak aizkoran, arpanan, harrijasotzen… aritu baitziren. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.

Arratsaldean, bazkalondoan, pilota partidak eta dantzaldia izan zen plazan Oharkabe taldearekin.

 

Pilota jaialdi berezia

Arratsaldean pilota jaialdi berezia izan zen pilotalekuan. Asegarcek antolatutako profesionalak izan ziren, alde batetik. Lau eta erdiaren barrenean, Urretabizkaia II.ak 22-15 irabazi zion Arangureni eta binaka, Lasok eta Ibai Zabalak 22-16 irabazi zieten Arteaga II.a eta Eskiroz-i. Baina ikusminik handiena, Lesakako frontoian lehen aldiz ikusitako modalitateak piztu zuen. Hain zuzen, aulki gurpildunean palaz aritu ziren, Joseba Lasa herritarra eta Asier Nabaridas sunbildarra, Beñat Lizaso eta Jesus Matarrazen kontra. Guttienekoa emaitza izan zen (20-25 irabazi zaten Lizaso eta Matarrazek), gogotsu aritu baitziren eta profesionalek baino meritu handiagoko tantuak egin zituzten, pilotazaleen txalo zaparrada artean.

 

Ajoarriero lehiaketa

Feria bezperan, asteazkenean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa egin zen. Hamalau bikote aurkeztu ziren, iaz baino sei gehiago. Horien artean, Elutxa txarangaren izenean aritu ziren Mikel eta Aitziber Maia Madariaga anai-arrebak nagusitu ziren. Bigarren saria ere Elutxa txarangako bi partaiderentzat izan zen, Mikel Santxez eta Mikel Telletxearentzat eta hirugarrena, Bortzirietako Gorriak taldeko Jose Mari Flores eta Pitxurri Biurrarenarentzat. Epaimahaia, Maria Jesus Errazkin, Felisa Taberna, Igor Romano eta Agustin Arriolak osatu zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun