30. urteurreneko kontzertua eskainiko du Kanka rock taldeak Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 22a, 08:03
Kanka taldea Bittiria karrikako Etxetxar etxearen atean. Bertan entsaiatzen zuten eta izen hobi, 'Etxetxar', eman zioten beraien lehen maketari.

Azaroaren 24am, larunbatean 22:30ean Koskillako plazan 

30 urte bete ditu Lesakako Kanka rock taldeak. Egia da duela urte batzuk utzi ziotela eszenalekuetara igotzeari, nahiz eta tarteka egin dituzten berragerraldietan, jendetza mugitu duten. Baina lehen kontzertua 1988ko urrian eskaini zuten, duela 30 urte. Eta hori gogoratzeko, bertze kontzertu bat eskainiko dute azaroaren 24an, larunbatean 22:30ean Lesakako Koskilla ostatuaren ondoko plazan.

 

Zehazki 1988ko urriaren 8an eskaini zuten lehen kontzertua, Lesakan antolatu zen lehenbiziko Nafarroa Oinezaren bezperan. Beti Gazte elkartearen orduko lokalean izan zen, gaur egun Tantirumairu ikastolak gimnasioa duen lekuan. Kanka taldearekin batera, Idrisko Aulkiak (orduko Lesakako bertze talde bat) eta euskal musikagintzan erreferente izan den M-ak taldeak jo zuten.

Kankaren lehen emanaldi hartan, gainerako guztietan bezala, Jabier Fagoaga aritu zen kantari; Nobeto Mitxelenak jo zuen baxua, Martin Mazi Mazizior eta Jabier Mari Zerunta Mitxelenak gitarrak eta Tomas Otxotekok bateria. Geroztik zenbait taldekide berri ere izan dituzte, hala nola Julio Antzizar (ahotsa), Karlos Semper (bateria) edo Jon Koldo Arburua (gitarra).

Beraz, ‘Kanka’, ‘Hautsa, birras, rock&roll’, 'Guk euskaraz' edo ‘Polimat’ bezalako doinuak berriz ere aditzeko aukera izanen dute taldearen zaleek eta ezagutzen ez dutenek larunbat arratsean.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun