Euskadiko launakako sokatira txapelketan garaile suertatu dira Beti Gazteko neska-mutilak

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 19a, 10:49
Beti Gazteko laukoa txapeldun Artziniegan, Berriozar eta Gaztedirekin podiumean.

Nafarroakoan ere tiraldi guztiak irabazi zituzten larunbatean Elizondon

Asteburu bikaina izan da Lesakako Beti Gazteko sokatira taldearentzat. Igandean, Artziniegan (Araba), 4x4 sokatira txapelketa irabazi zuen talde mistoak 280 kiloko kategorian. Bezperan, tiraldi guztiak irabazi zituzten Nafarroako zortzinakako txapelketa mistoan eta gizonezkoen 600 kilokoan.

 

Artziniegan tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko laukoak (Aitziber Goienetxe, Joxe Angel Mitxelena, Udane Loidi oiartzuarra eta Gerardo Telletxea) txapela janzteko. Berriozar izan zen bigarren, Gaztedi hirugarren, Ibarra laugarren, Bizindar bosgarren eta Antsoain seigarren.

Elizondon, Nafarroako txapelketa mistoaren lehen jardunaldia (550 kilotan) eta gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia jokatu zituzten larunbatean eta bietan nagusi izan ziren Beti Gaztekoak, tiraldi guztiak irabazita. Beraz, azaroaren 24an, larunbatean 17:00etan Lesakan jokatuko den bigarren eta hondar jardunaldian, etxean txapela janzteko urrats handia eman dute lesakarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun