Azaroaren 10ean erabaki zituen sariak Lesakako Irantzu Pastor, Berako Asier Gogortza eta Irungo Fernando Larrukert ‘Lamia’ argazkilariek osatutako epaimahaiak. Lehenbiziko saria Irungo (Gipuzkoa) Oscar Gaskón Marañonek lortu zuen, “Comunidad de vecinos” izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra) Kantabriara joan da, Castro Urdialeseko Javier Gernández Ferreras-ek eskuratu baitu, “La revolution” izeneko lanarengatik.
Kirol argazki hoberenarentzako saria, 200 euro eta garaikurra, iaz bezala, Ordiziako (Gipuzkoa) Jose Miguel Romero Barcok eskuratu du, “Ciclocross-1” argazkiarekin. Eta azkenik, azken hiru urteetan bezala, Jon Martinez Etxabarri argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako saria lortu du, "Bere tokian" argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.
Aurtengoan, epaimahaiak saririk gabeko hiru aipamen ere egin ditu: Elizondoko Mikel Hualde Arriadaren ‘Bacoren festa’, Irungo Jesus Hernandez Sanchezen ’11 ojos’ eta Cuencako Tarancón herriko José Ramón Luna de la Osaren ‘Después de la tormenta’ argazkien kalitatea azpimarratu eta sariren bat lortzeko punttuan egon zirela adierazi du epaimahaiak.
Erakusketa zabalik
Argazki guztiak Harriondoa Kultur Etxeko Komentuko elizan daude ikusgai abenduaren 2ra bitarte. Erakusketa irekia egonen da ortzegunetik larunbatera 17:00etatik 19:30era eta igandetan 11:30etik 13:30era.