31.200 euroko inbertsioa egin dute Bidasoko Bide Berdeko Montoiako tunela moldatzeko

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 8a, 14:43
Txirrindulari bat Bidasoko Bide Berdean, zolaberritutako Montoiako tuneletik ateratzen.

Nafarroako Gobernuko Tokiko Agenda 21aren 20.000 euroko dirulaguntza jaso dute 

Bidasoko Bide Berdea kudeatzen duen Uraren Bailarak erakundetik jakinarazi dutenez, Bidasoko Bide Berdeko Montoiako tunela (Lesakan, Endarlatsan), irekita dago berriro ere azaroaren 5etik aitzinera. Tunelaren zolaberritze eta uraren bideratze lanak, hormigonatzea, egin dira tunelaren segurtasuna eta erabilerraztasuna nabarmen hobetuz.  

 

Lan hauek egiteko 31.200,39 euroko inbertsioa egin dute eta Uraren Bailarak osatzen duten Baztan-Bidasoaldeko 18 udalek finantzatu dute. Aipatzekoa da, zolaberritze lanak burutzeko Nafarroako Gobernuaren Tokiko Agenda 21aren 20.000 euroko dirulaguntza ere jaso dutela.  

Uraren Bailarak osatzen duten udaletatik, Bidasoko Bide Berdearekiko eta honen hobekuntzarekiko duten konpromezua azpimarratu nahi izan dute, «zalantzarik gabe, turismo errekurtso estrategikoa badena eskualdearentzat, urtero urtero, milaka pertsona hurbiltzen dituelako Baztan-Bidasoara». 

Bidasoko Bide Berdea, mugaz gaindiko Ederbidea proiektuaren barrenean dago, honek, aldi baterako finantzaketa europarra du Interreg POCTEFA VA Programaren bitartez. Proiektua, Gipuzkoa, Nafarroa eta Frantzia hegoaldean dauden bizikletaz egiteko bideak elkartzeko eta indartzeko jaio zen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun