Berako Kafe-Antzerki Zikloak hogeigarren edizioa beteko du

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 6a, 12:32

Ay Teatro taldeko Nerea Gorriti eta Barbara Rivar, 'Zaharrak berri' antzezlanean.

Azaroaren 9an abiatuko da Lixoia ostatuan, Ay Teatro taldearen ‘Zaharrak berri’ antzezlanarekin

Berako Euskara Batzordeak, Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzaz antolatutako Kafe-Antzerki Zikloaren hogeigarren edizioa azaroaren 9an, ortzirale arratseko 10:30ean abiatuko da Lixoia ostatuan, Ay Teatro taldearen Zaharrak berri antzezlanarekin. Nerea Gorriti eta Barbara Rivar dira antzezlen honetako aktoreak.

 

Lan honetan, 1818. urtean kokatuta gaude, eta astolasterrak debekatu egin dira, baina emanaldi “klandestinoekin” segitzea erabaki dute. Gain hori ardatz hiru pieza satirikoz osatutako antzezlan honetan aktoreek hainbat pertsonaiari bizitza emanen diete, musika eta dantzarekin nahasiz. Emanaldian istorio pertsonalei buruz eta garai hartako emakumearen posizioaren aldarrikapenari buruz arituko dira.

Azaroaren 23an, ortzirale arratseko 20:30ean Xuga ostatuan Irripar Txou antzezlana aurkeztuko dute J. Cruz Gurrutxagak eta Jon Martinezek.

Elkar ezagutzen ez duten bi lagun eskenatoki gainean. Zer gerta daiteke biak lan bera egiteko kontratatu dituztela konturatzen direnean? Bada sesioan amaitu dezaketela, haserre alegia. Horrela bada, haiek ez dira irripartsu egonen. Ikuslea bai, irriz lehertuko da! Izan ere, aktoreek ez dute gai bat jorratu gabe utziko, norberak bere estiloan, baina biek umorea lagun: eskola garaiak eta gertakizunak, txikitatik nerabetasunera gertatutakoak, unibertsitate garaiak, maitasuna eta sexua, familia, euskaldunon izaera eta ohiturak, musika, hitz jokoak…

Azaroaren 30ean, ortzirale arratseko 10:30ean, Atauts taldeak Guduak taularatuko du Errekalde Ostatuan. Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia dira antzezlan honetako aktoreak.

Alargun geratu berri den emakume desesperatu batek guru baten kontsultara joko du hil berri den senarrarekin nola edo hala harremanetan jartzeko asmoz. Baina egoera ez da espero duena izanen, izan ere, dizkio arazo larriak dituen guru bitxi honek, arimakkanalitzatzeko gaitasuna izaki, protagonistarekin konpondu gabeko kontuakl dituzten arima guztiak gorpuztuko ditu ustekabeko egoera aunitzera bide emanez.

Emanaldi guztiak doan izanen dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun