Otsarrako gaztak irabazi du Arantzako XXIII. Baserritarren Eguneko lehenbiziko saria

Nerea Altzuri 2018ko aza. 6a, 06:51

Zazpi gazta aurkeztu ziren Kultur Egunak borobildu zituen egunean 

Ekaitza elkartearen ekimenez, XXIII. Baserritarren eguna izan zen azaroaren 1ean. Merkatu itxurako frontoi sarrera eta barrena erakargarria zegoen. Denetara, 20 inguru erakusketa eta salmenta postu ikus zitezkeen. Herritarrek egindako barazki, fruitu, gozoki, zerriki, talo, eskulan, animali…denetarik izan zen. Bertan egiten diren produktuen erakusleiho ederra ikus zitekeen eta nahi zuenarentzat gainera, eta aunitzek, etxera ere eraman zituzten produktuak, baita bertan hameketakoa egin ere.Herriko trikitilari eta panderojoleek ere, alaitu zituzten goizeko tarteak.

 

Aurtengo gazta lehiaketan, zazpi gazta izan ziren eta lehenbiziko saria Otsarrako gaztak eraman zuen (60euro); bigarren Serorinborda izan zen (40 euro) eta hirugarren berriz, Laraburukobordako gazta (20euro). Epaimahaia herritarrez osatua zegoen: Beatriz Taberna, Gregorio Mitxelena, Leire Mitxelena, Andoni Zulaika eta Xatur Larralde. Panttaleon Errandonea ere han izan zen, epaimahaikoei laguntzen.

Bertako produktuekin osatutako zarea ere zozketatzen da eta Joxe Inaxio Ubiriari tokatu zitzaion.

Bertzalde, frontoiko ostatuan lanaren ardura, Herriko eskola eta  Guratso elkarteak hartu zuten eta irakasleak eta gurasoak lanean aritu ziren. Ostatuko diru sarrerarekin eskolako patioko joko batzuk eginen dira

 

Kultur egunak

Azaroaren 1eko Baserritarren Epuna ez ezik, aste osoan kultur ekimenak antolatu zituzten Ekaitza eta Guraso elkarteek. 

Urriaren 27an, arratsaldez, partxis eta mus txapelketak izan ziren Ekaitza elkartean.

Partxis txapelketan,  Enaut San Juan eta Xuban Taberna izan ziren txapeldun eta azpitxapeldunak berriz, Maddi Leiza eta Larraitz Almandoz. Bi bikoteek, Irrisarri Landeko Baxiko abentura sarrerak eskuratu zituzten.

Bertzetik, mus txapelketa izan zen. Irabazlea, Jesus Mitxelena eta Luis Almandozek osatuturiko bikotea izan zen eta oilaskoa eta gazta eraman zituzten sari gisa; bigarren, Markel Jorajuria eta Andoni Mitxelena izan ziren eta hauek oilaskoa eta ardoa eraman zituzten etxera; eta hirugarren tokian, Imanol Lukanbio eta Unai Iparragirre bikotea gelditu zen, gazta eta ardoa izan zuten saria.

Urriaren 28an, arratsaldez eta Guraso Elkarteak antolatuta, berendua eta ondotik, Birbira taldearen eskutik, birziklapen tailerra izan zen. Guraso eta haur multzoa bildu zen eskolan, etxetik eramandako kaxa, pote eta bertzelakoekin,  eskulan eta jostailu politak eta berriak egiteko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun