Azken agurra eskaini diote Josu Goiari Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 5a, 08:28

Ezker abertzaleko kide historikoa eta herriko alkate izandakoa, musika, literatura eta eskulturaren munduan ere ezagun izan zen

Josu Goia Etxeberria beratarra hil zen azaroaren 3an, 71 urte zituela. Ezker abertzaleko kide historikoa izan zen eta Herri Batasunaren lehenengo Mahai Nazionalean parte hartu zuen. Berako alkate ere izan zen 1999tik 2003 urtera eta hamasei urtez zinegotzi.

 

1947an jaio zen Josu Goia Beran. Bertako alkatea izan zen Euskal Herritarrok alderdiarekin, 1999tik 2003ra. Urte horretan, Beraginez hautagaitzako zerrendaburua izan zen Nafarroako udalerrian, baina Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen.

Politikari nafarra Herri Batasunaren lehenengo Mahai Nazionaleko kidea izan zen, eta Nafarroako Parlamentuaren legebiltzarkidea 1979an.

Egin-eko Administrazio Kontseiluan parte hartu zuen, eta Gara egunkaria argitaratzen duen Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteko kontseilaria 2018ra arte.

Musikaria eta abeslaria ere izan zen bizitza osoan, baita idazlea eta eskultorea ere. Liburuak eta diskak ere argitaratu zituen. Berako elizako organo-jolea ez ezik, Musika Bandako zuzendari ere izan zen urtetan. Bere azken ekarpena, aurtengo Berako bestetan musika bandak estreinatutako Altzateko Jaunari Otoitz musika-piezaren partitura izan zen.

 

Hileta-elizkizun hunkigarria

Bere hileta-elizkizunak azaroaren 4an, igande arratsaldean egin zituzten Berako San Esteban elizan. Gure Txokoako dantzariek arkua egin zioten zerraldoari, Alkate Soinua doinuarekin. Elizara sartzerakoan, gaiteroek Nafarroako Gorteen ereserkia eta Maitia non zira jo zuten. Txistulari beteranoen taldeak zapia jarri zuen hilkutxaren gainean eta seminarioko lagunek ere hitz batzuk eskaini zizkioten. Berako bandak eta abesbatzak Xalbadorren heriotzean eskaini zioten. Behin elizkizuna bukatuta, Aurreskua dantzatu zuten Gure Txokoako dantzariek eta berriz ere arkuaren azpitik pasa zen hilkutxa, Ai ori begi ederra, Josu Goiaren kanturik kuttunena kantatzen zuten bitartean. Ikurrinak eta Nafarroako banderak airean, agurtu zuten Josu Goia Beran. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun