XXIII. Baserritarren Eguna ortzegunean ospatuko dute Arantzan

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 31a, 08:32
Baserriko produktuak plazara aterako dituzte Arantzan Baserritarren Egunean.

Postuen kokapena zehazteko bilera eginen dute urriaren 31n, asteazkenean 18:00etan Ekaitza elkartean

Aurtengoa Arantzako Baserritarren Egunaren XXIII. edizioa izanen da eta herritarrek plazan eta frontoian euren produktuak, nekazaritza tresnak, eskulanak edota aziendak ikusgai edota salgai paratzeko aukera izanen dute azaroaren 1ean. Gazta eta ahari lehiaketak ere izanen dira.

 

Gazta lehiaketako partaideek gazta bakoitzarengatik 15 euro hartuko dituzte. Sariei dagokienez, lehenbiziko saria 60 eurokoa izanen da, bigarrena 40 eurokoa eta hirugarrena 20 eurokoa. Ahari lehiaketan, bi sari emanen dituzte: lehenbizikoa 50 euro eta bigarrena 25.

Ardiak eta ahuntzak eramatekotan, guttienez zazpi buruko loteak eraman beharko dira eta ekartzearen alde 20 euro emanen dizkiete artzainei. Gehienez ere, lote bat ordainduko diote jabeari. Zaltabereen kasuan, gehienez hiru buruko loteak izan beharko dute eta baserritar bakoitzari buruko 10 euro ordainduko dizkiote. Behikietan, guttienez bi buruko loteak izanen dira eta baserritar bakoitzari buruko 15 euro ordainduko dizkiote.

Salmenta postuen kokapena urriaren 31n, asteazkenean 18:00etan, Ekaitza elkartean, jende aitzinean eginen den zozketan erabakiko dute. Bertzetik, postuetako kartelak euskaraz  izan beharko dutela adierazi dute Ekaitza Elkartetik. Azaroaren 1ean frontoia 08:00etan irekiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun