XXXVIII. Lizuniagako Igoera eginen dute urriaren 27an Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko urriaren 26a

Eztegara pilotalekutik abiatuko da lasterketa larunbat arratsaldeko 5etan.

Larunbat arratsaldeko 5etan abiatuko da proba nagusia eta 3:30ean haurren lasterketak

Urriaren 27an, larunbat arratsaldeko 5etan, Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, Lizuniagako Igoeraren 38. edizioa ospatuko da. 15:30ean haurren krosa eginen dute Berako karriketan barna eta, adinaren araberako ibilbideak izanen dituzte haurrek. Apuntatzeko Iamoteneara hurbildu beharko dute gaztetxoek.

 

Gure Txokoa Elkarteak 1980. urtean antolatu zuen lehen aldiz proba hau eta orduz geroztik 1984. urtea izandu da egin gabe gelditutako urte bakarra. Eztegara pilotalekutik abiatuta, probak Bera eta Sara elkartzen dituen karretera jarraitzen du Lizuniagako gaiearaino, 4,9 kilometroko ibilbidea osatuz.

Urteetan, laisterkari kopuruan aldaketa haundiak izan ditu, baina azken urteotan 100 laisterkari inguruk parte hartu dute, horietariko %20 emakumeak izanik.

25 urtez Peio Garinen esku egon zen probaren errekorra, 1982an egindako 16 minutu eta 13 segundoko denborarekin. Inork ez zuen ibilbidea denbora guttiagon egitea lortu 2008. urtean Huarten bizi zen Abdelfeltah Louajari marokoarrak 16 minutu eta segundo bakarrean egin zuen arte.

Emakumezkoetan Maika Ariztegi ittundarraren eskutan dago errekorra, 1995ean egindako 20 minutu eta 18 segundoko denborarekin, Mari Martirena baino segundo bat guttiago (1988 urtean).

Gizonezkoen artean, Jesus Mº Calvo lesakarra da garaipen kopuru haundienaren jabea. Lau aldiz irabazi du (1986,1988,1993,1995). Antonio Bru beratarra hiru aldiz garaile izan da (1994,1996,1998).

Emakumezkoetan Maika Ariztegi da jaun eta jabe, hamasei aldiz irabazi baitu.

Parte hartze kopuruari dagokionez, aipatzekoa da Batista Teiletxea beratarrak proba guzietan hartu duela parte, 38 edizioetan; Ricardo Toro irundarrak 29 alditan, Patxi Pikabeak 24tan eta MaikaAriztegik  21etan. 

Izen ematea dagoeneko idekia dago pb-organisation.com web orrian, baita ere emailez eta whatsappez apuntatzen ahal da, guretxokoa.lizuniaga@gmail.com eta 626309438 idatziz. Prezioa 5 eurokoa da eta lasterketa egunean izena emanez gero, 10 eurokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun