Asteburu honetan hasi dira Arantzako Kultur Egunak

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 26a, 06:00

Azaroaren 1ean eginen den XXIII. Baserritarren Egunarekin borobilduko dute aurtengo kulturaldia

Larunbatean mus eta partxis txapelketak eginen dituzte, igandean birziklapen tailerra eta azaroaren 1ean Baserritarren Eguna.

 

Urtero bezala, urri hondarra eta azaro hasiera ekitaldiz hornitua izanen dute Arantzan, Kultur Egunak antolatu baitituzte. Larunbatean, urriak 27, mus eta partxis txapelketak antolatu ditu Ekaitza Elkarteak. Lehenbiziko bikoteak oilaskoa eta gazta, bigarrenak oilaskoa eta ardoa eta hirugarrenak gazta erdia eta ardoa izan dituzte sarutzat.

Partxis txapelketa, berriz, zazpi urtetik aitzinerakoentzat antolatu dute. Honetan ere sariak izan dira, Irrisarri-Landeko sarrerak, hain zuzen.

Igandean, urriak 28, haur eta gaztetxoentzako birziklapen tailerra antolatu du Guraso Elkarteak, Euskara Batzordearen laguntzarekin. Birbira Taldekoek eman dute tailerra eta adin guztietako haur eta gaztetxoentzat irekia izan da.

Azaroaren 1ean, ortzeguna, aurten XXIII. edizioa beteko duen Baserritarren Eguna eginen da, Ekaitza Elkarteak antolatuta. 10:00etatik aitzinera, bertako produktuen eta eskulanen erakusketa eta salmenta eginen da frontoian eta azienda erakusketa plazan. Gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dira.

Gazta lehiaketako partaideek 15 euro hartuko dituzte, baina sariak ere izanen dira. Lehenbiziko saria 60 eurokoa izanen da, bigarrena 40 eurokoa eta hirugarrena 20 eurokoa. Ahari lehiaketan, bi sari emanen dituzte: lehenbiziko gelditzen denari 50 euro eta bigarrenari 25 euro.

Bertzalde, Kultur Egunetan Euskaraldian izena emateko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun