«Bertako produktu ekologikoen onurez jabetzen hasiak gara»

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 19a, 13:06

Dabid Iturria Almandoz, Arantzako Ekaitza Elkarteko kidea

Nor da Dabid Iturria?
Arantzako 43 urteko aita bat, seme eta alaba bat dituena.


Zer zaletasun duzu?
Mendira edo hondartzara joatea eta bereziki jatetxeetara joan eta probatu gabeko platerak dastatzea gustatzen zait.   


Musikazalea eta bestazalea ere izan omen zara...
Martxa horiek halabeharrez aldatu zaizkit. Halere, aita berandu izan naizenez aprobetxatzeko astia ere izan dut.


Seme-alabak hezteko, baduzu sekreturik?
Ez dut nire burua aita on bat bezala, baina garrantzitsuena, pazientzia izatea eta beraiek diotena aditzea da.


Gazte Asanblada, nola sortu zen?
Kontzertu batzuk antolatzeko biltzen ginen hasieran. Gero,  eski irteerak, Santa Ageda eta bertzelakoetan ere ekitaldiak antolatzen segitu genuen. Txozna bat ere egin genuen. Gaur egun, bertze gauza batzuk egiten dira, bizimoduarekin batera zaletasunak ere aldatu dira eta...  


Ekaitza Elkarteko kide... Noiztik?
18 urtetan egin ginen bazkide. Helburu bezala horixe  genuen, adinez nagusi izan eta hor sartzea. Kuadrilla ederra sartu ginen, ilusioa izaten genuen. Jantokiari, ostatuari... elkarteari etekina ateratzeko modua ikusten genuen. Gaur egun gazteek ez dute horrela ikusten.


Ekitaldiak antolatzen dituzue...
Mendi itzulia egin dugu aurten, heldu den urtean mendi lasterketa; Arantzako Pilota Txapelketa; Baserritarren Eguna, horiek garrantzitsuenak. Tarteka bertzelakoak egiten ditugu: hitzaldiak eta Euskal Herriko Mus Txapelketako partidak, erraterako.


Baserritarren Eguna gainean da...
Bertako baserritarrei bultzada eman eta beraien lana ezagutzera emateko sortu zen. Herrian egun maitatua da.


Egun, baserritarren lana baloratzen dela uste duzu?
Gazteen artean pentsamendu aldaketa badela uste dut, bertako produktuek, produktu ekologikoek elikadura eta osasun aldetik izan ditzaketen onurez ohartzen hasiak garela uste dut.


Arantzak, zer du falta?
Faltan lagun bat botatzen dut, herriko preso politiko bat, Mikel Karrera.


Inguruko txokorik politena?
Osinaldeko iturria, antzinako labaderoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun