Ospakizunekin hasteko, urriaren 20an, larunbatean 19:30ean, patata tortilla txapelketa eginen da. Tortilla egiteko oinarrizko osagaiak bertzerik ezin izanen dira erabili: patata, tipula eta arrautza. Segidan, sari banaketa eginen da eta frontoian afaltzeko aukera izanen da, bertan prestatutako tortilla edo etxetik eramandakoa elkarbanatuz. 21:00etatik 23:00etara Matraka elektrotxaranga ariko da frontoi eta ostatu inguruak alaitzen. Eguna ez da horrekin bukatuko, 23:00etatik aitzinera Tirry&Tery DJa arduratuko da egunari bukaera ona emateaz.
Igandean, ohitura den bezala, jende aunitzek Usategietara bisita egiteko aprobetxatuko dute goiza. Eguraldi ederra izanez gero, Lizaietan talo postua paratuko du Altxatak. Arratsaldean, berriz, ostatua paratuko du Altxatak frontoian eta ogitartekoak eta taloak afaltzeko aukera izanen da. 18:00etatik 21:00etara Oharkabe taldea ariko da. Igandean ere, astebururo bezala, tradizio hau hobeki ezagutzeko bisita gidatuak izanen dira, baina ordutegi zabalagoarekin (11:00tan bakarrik izan beharrean, bi bisita eskainiko dira, bat goizeko 10:00etan eta bigarren bat 12:00etan).