Bortzirietako Euskaraldiaren aurkezpena egin dute Beran urriaren 7an

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 8a, 07:30

Jendetza bildu zen Kultur Etxean eta Bortzirietako Euskaraldiako hamaikakoa ere aurkeztu zuten 

Jendetza bildu zen urriaren 7an, igande eguerdian Berako Kultur etxean, Bortzirietako Euskaraldiaren aurkezpenera. Ekitaldia girotzeko, Errekaldetik oholtza gainera Arantzako ttunttunlari, akordiolari eta atabalariak arduratu ziren eta taula gainean berriz, Igantziko dantzarien saioa eta Etxalarko trikitilarien emanaldia izan ziren. Ainhoa Larretxea beratarrak eta Joseba Olagarai etxalartarrak aurkezturiko ekitaldiaren hasieran, Euskaraldiaren inguruko zertzeladak eman ziren; ondotik, Bortzirietako bertso eskolak aurkezpenerako prestaturiko bertsoak entzun ahal izan ziren.

 

Bortzirietan, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta bortz udalek, (Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udalak) Euskaraldiarekin bat egin dute. Gainerako herrietan bezalaxe, Bortzirietan ere, euskalgintza eta erakunde publikoak elkarlanean ari dira euskaraldia antolatzen. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria den Mentxu Peña eta Juankar Unanua Igantziko alkatea taula gainera igan ziren, Euskaraldiaren bi rolen, Ahobizi eta Belarriprestaren inguruan hitz batzuk eginez. Mentxu ahobizia eta Juankar belarriprest izanen dira Euskaraldian. 

Segidan, ekainean Beran egin zen aurkezpenerako propio sorturiko kantua kantatu zuten Lizar Elexpuru eta Eneritz eta Ekiñe Zapianek.

Ondoren, bailarako hamaikakoaren aurkezpena egin zen. Hauek osatzen dute Bortzirietako Euskaraldiaren  hamaikakoa:

Ahobiziak: Petti beratarra, Naiara Alberro lesakarra, Irune Elizagoien etxalartarra, Josu Sanjurjo lesakarra, Bittor Zugarramurdi aranztarra eta Idoia Urtxegi igantziarra.

Belarriprestak: Kristina Arbues igantziarra, Maripi Irazoki beratarra, Monika Alvarez aranztarra, Ruth Vazquez lesakarra eta Mari Karmen Prieto beratarra.

Bakoitzak hizki bat hartuz, bi hitz egiteko tartea hartu zuten eta denen artean, Euskaraldia osatu zuten. 

Ekitaldiaren hondarreko zatian, Petti beratar kantariak Xoria kantari kantatu zuen, eta bertaraturikoek Euskaraldian izen emateko aukera izan zuten.

Zenbait ekitaldi ere iragarri ziren;  urriaren 10ean Igantzin euskaraldiaren aurkezpen bilera; euskaraldia bortzirietan ahalduntze saioak urriaren 15, 17 eta 18an Beran, Etxalarren eta Lesakan hurrenez hurren; Beatriz Egizabalek Euskaraldiaz egindako bakarrizketa saio bat ere Etxalarren, urriaren 18an eta urriaren 25ean Lesakan; eta hondar ekimena, urriaren 26an, ahobizi eta belarripresten bertso poteoa Lesakan.

Ekitaldiaren akabailan, bertaraturikoek argazki bat atera zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun