Isidoro Fagoaga Larrache (1893-1976) erakusketarako, haren balio historikoa nabarmendu eta sortzailearen irudia berreskuratu nahi duen materiala eta dokumentazioa hautatu da: Buenos Airesera joateko ontziratze-etiketak dituen maleta, Atlantikoaren alde batean eta bertzean bisitatutako lekuetako eranskailuak dituzten kutxak eta honako hauek osaturiko eduki harrigarria: tunikak, sandaliak eta gerrikoak, ezpatak, besokoak, kaskoak, korrespondentzia-sorta, argazki eta prentsa artean banatuta. Horrek guztiak osatzen du Isidoro Fagoaga Larrache (Bera, 1893 - Donostia, 1976) tenorearen legatu berezia, familiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari eman berri diona, zain dezan.
Erakusketa hiru beira-arasatan egituratu da, protagonistaren fazeta ezberdinen arabera, eta laugarren batean wagneriar Sigfridori dagokion jantzi eszenikoko hainbat pieza jarri dira. Lehen beira-arasa musika-ibilbideari buruzkoa da; bertan jaso dira Milango Scala-rekin egindako kontratua bezalako dokumentuak, Parsifal-eko programa Oportoko São João Antzokian, La Walkiria-ren kartela Erromako Reale dell’Opera Antzokian edo Parsifal-erako sarrera bat Bayreuth-eko Jaialdian.
Bigarrena literatur jarduerari buruzkoa da; hasiera batean abeslari liriko bezala egindako karrerarekin batera partekatu zuen, eta, 1937. urtean agertokia uztean erabat horretan aritu zen. Haren hiru pasio nagusiak, musika, literatura eta euskal kultura, idazle bezala egindako produkzio oparoan nahasten dira, eta narraziorako zituen dohainak nahiz ikerketa-trebetasuna hor erakusten ditu.
Azkenik, pertsonaiari eusten zion pertsona argitzeko eta berraurkitzeko saiakeran, haren nortasun-agirien, idatzien eta oharren, korrespondentziaren eta oroitzapenen bitartez, Isidoro Fagaogaren intimitatea ezagutuko dugu; hain zuen ere, gizon sutsua eta sentikorra, lur maitatuarekiko nostalgia beti lagun izan zuena.
Isidoro Fagoaga Larrache (1893-1976) erakusketa doakoa da, eta hilabete osoan zabalik egonen da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko beheko galerian. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisita daiteke asteko egun guztietan, asteburuak eta besta-egunak barne.