Lagunarteko desafioa jokatu zuten hainbat aranztarrek joan den larunbatean. Hasiera batean, zortzi lagun aritzekoak ziren; talde batean, Joseba Bergara, Jaime Iturria, Imanol Mitxelena eta Aratz Mendizabal, eta bertze taldean, lau kinto: Asier Agesta, Rafa Errandonea, Jabi Mitxelena eta Raul Iparragirre. Apustua herriko plazatik atera eta Mendaurrera igotzea zen, eta taldeko bakoitzaren denborak batu ondotik, denbora guttiena pasatzen zuen taldeak irabaziko zuen.
Azkenean, ordea, zazpi lagun aritu ziren apustuan, Asier Agestak ezin izan baitzuen parte hartu. Gainerako zazpiak igo ziren, eta talde batean lau izaki, Mendaurrera igotzen ziren lehenbiziko hiruren denborak bakarrik kontuan hartzea erabaki zuten.
Bortz minutuko aldearekin irabazi zuen Bergara, Iturria, Mitxelena eta Mendizabalen taldeak. Hiru ordu eta zortzi minutu behar izan zituzten, eta bertze taldeak, hiru ordu eta hamahiru minutu. Lasterkariekin batera, Dani Iparragirre ibili zen epaile lanetan, eta bertze hainbat gazte laguntzen.
Giro ederrean pasatu zuten eguna, eguraldiak ere ez zuen hutsik egin, eta parte-hartzaileek, epaileak eta laguntzaileek mendiko txabola batean bazkaria eginez borobildu zuten eguna.