Etxalarko Usategietan, 600 urte baino gehiago dituen sarezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Sistema berezi honek, ez du inolako arma beharrik usoak harrapatzeko eta talde lanean egiten da, paleta edo makilekin usoei altuera jeitsiz, zatarrekin hauek izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz. Hainbeste urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, tradizio hau gure hondare kulturalaren partaide da eta BIC (Bien de interés cultural) bezala izendatua dago.
Urriak 6an, larunbatarekin berriz, jartzen dira martxan tradizio xahar hau ezagutzeko bisita gidatuak ere. Urtero bezala, urriaren 1a eta azaroaren 20a bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan burutuko dira bisitak eta irteera goizeko 11:00etan izanen da.
Tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute eta sistemaren xehetasun guztiak ezagutzen dituzten bitartean usoa etorriko balitz, prozesu guztia bertatik bertara ikusiko lukete, beti ere, eguraldia eta zortearen arabera. Bisitaren iraupena, ordu bat eta erdi ingurukoa da eta prezioa berriz, 5 eurokoa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte), 4 euro pertsonako. Bisitaz gain, ikusentzunezko bat ikusteko eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren hobeki ikusten baita.
Bisita egiten interesatuak egonez gero, usategiak@etxalar.eus helbidera idatzi behar da. Informazio gehiago berriz, www.etxalar.eus edo www.etxalarturismo.com orrietan aurkitu daiteke edo Usategietako eguneroko martxa jarraitzeko aukera ere badago, Facebook-eko Palomeras de Etxalar/Etxalarko Usategiak orrian.