Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketako finalean, joan den abuztuaren 17an Arantzan jokatutako kanporaketan txartela lortu zuten bortz aizkolari ariko dira: Iban Resano (Dorrao), Asier Pellejero (Areso), Jesus Etxeberria (Beintza Labaien), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz) eta Mikel Indakotxea (Zubieta). Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko dituzte.
Euskal Herriko emakumezkoen koxkor biltze txapelketari dagokionez, Maika Ariztegi iturendarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Berekin batera, Ultzamako Ainhoa Iraizoz, Arabako Zuriñe Frutos eta Jone Uhalde eta Bizkaiko Goizalde Aransolo eta Ainhoa Ortega lehiatuko dira.