Bertzetik, bizileku iraunkor diren etxebizitzetara hobetzeko proiektua ere abiatu da. Hala, Gorotigain eta Larratxenbordara doazen bideak eta Zalainen Alttunbordara doanaren zati bat moldatuko dituzte. Lan horiek Sasoi enpresak eginen ditu. Guztira 127.473,20 euroko kostua dute lanek, hasierako prezioa baino %7,1 gutxiago. Lanak egiteko epea 40 lan egunekoa da eta abuztu bukaeran hasi ziren.
Hirugarren proiektu bat ere badu esku artean Berako Udalak, Hirurteko Planaren barrenean: argiteri publikoaren Bidasoa eta Urruña karriketako koadroak berritzea. Azken udal batzarrean jakinarazi dutenez, abuztuaren 13an bukatzen zen proposamenak aurkezteko epea eta ez zen inor aurkeztu. Alkateak, bederen bi eskaintza lortzeko empresa batzuekin kudeaketa egin ondoren abuztuaren 21 arte luzatu zen epea, baina hemen ere ez zen inor aurkeztu. Interesa agertu duten enpresek diote aurrekontua estua dela eta ezin dira lizzitazioan sartu. Hori dela eta, orain, %10eko igoerarekin aurrekontu berria onartu du Udalak.