Isidoro Fagoagari buruzko liburua aurkeztu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 28a, 07:10

Jende aunitz bildu zen irailaren 27an Herriko Etxeko batzar aretoan German Ereña egilearekin

German Ereña Minguezek idatzi eta Nafarroako Gobernuak eta Berako Udalak elkarrekin argitaratu duten Isidoro Fagoaga. El tenor olvidado liburuaren aurkezpena egin zuten irailaren 27an, ortzegun arratsaldean Berako Herriko Etxeko batzar aretoan, bigarren solairuan. Liburu hau, Illekuetako Agramontean sortutako Isidoro Fagoaga tenore eta idazleari buruzko biografia da. Aurkezpen ekitaldian, German Ereñarekin batera, Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia eta Aitor Elexpuru, Berako kultur zinegotzia izan ziren. Hauez gain, hainbat beratar, Eibartik etorritako German Ereñaren lagun eta familiakoak eta Isidoro Fagoaga beraren ondorengoak izan ziren. Manuel Cabrera-EMECe musika kritikaria eta liburuko prologoaren egilea ere Beran izan zen. Liburua 20 eurotan salgai dago.

 

Biografia hau istorio baten istorioa da. Nafarroako pertsonaia bitxi eta ospetsu baten kutxa batzuen istorioak dira; arrazoi politiko eta kulturalengatik ahantzia izan dena. Urtetan German Ereñak ikertu zituen kutxa horiek eta informazio pertsonala, argazkiak eta kazetaritza testuak jaso zituen; horiek bere bizitza artistiko eta literarioaren lekuko dira eta adierazten dute zenbateraino maitatu zuen bere lurraldea nafartarra zein euskalduna sentitu zen bidasotar honek. Eladio Esparza nobelista lesakarrak zioen bezala Isidoro Fagoaga Larrache (Bera, 1893; Donostia, 1976) idazlea eta «Wagnerren interprete famatua izan zen, bere herrian ahantzia izan dena eta izen handikoa atzerrian».

XX. mendeko 20 eta 30eko hamarkadetan Espainia, Portugal, Italia (zazpi denboraldiz izan zen Milango La Scalan) eta Argentinako antzoki nagusietan izan zuen arrakasta. 1937ko apirilean, Gernika bonbadartua zela jakitean eta bere herriarekiko konpromisoaren seinale, bizitza artistikoa utzi zuen betirako eta Donibane Lohizunera erbesteratu zen; orduz geroztik bere pasiora dedikatu zen: literaturara. Gernika aldizkari humanista berreskuratu eta sustatu zuen Iparraldean eta Buenos Airesen; azken honetan, hamaika artikulu argitaratu zituen La Prensa egunkariarentzat, gehienak Euskal Herria eta bere kulturarekin lotuak. Orain 125 urte betetzen dira bera jaio zela eta Nafarroako Gobernuak eta Berako Udalak elkarrekin argitaratu dute monografia zabal bat bere oroitzapena biziberritzeko asmoz.

Liburu honek badu osagarri garrantzitsu bat euskarri digitalean. Ehun eta zazpi eranskin dira (artikuluak, gutunak, kritikak, bitxikeriak, oroitzapenak) euren luzerarengatik bertsio idatzian sartu ez direnak eta horiekin batera ehun argazki datoz bere bizitzaren momentu interesgarrienak biltzen dituztenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun