'Zahagiak eta ardoak' organo kontzertua eskainiko du Raul del Torok irailaren 29an Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 27a, 11:52

Raúl del Toro organo-joleak eskainiko du kontzertua.

Larunbat arratsaldeko 6etan San Esteban Elizan antolatu du Nafarroako Gobernuak, Organo Musika Nafarroan zikloaren 34. edizioan

Zahagiak eta ardoak izenburupean, organo kontzertua eskainiko du Raul del Toro Sola organo-joleak irailaren 29an, larunbat arratsaldeko 6etan Berako San Esteban elizan. Nafarroako Gobernuak antolatu du emanaldia, Organo Musika Nafarroan zikloaren 34. edizioaren baitan.

 

ORGANO MUSIKA NAFARROAN

1984tik Nafarroako Gobernuak antolatzen duen  musika zabalkunde programa da Organo musika Nafarroan. Nafarroako elizetako organoak ezagutzea eta instrumentu hauentzako musika idatzia ezagutzea du helburu.

Aurten 34. edizioa bete du eta abuztuaren 30etik eta azaroaren 3ra arte egiten ari dira  Haizea arte bihurtua lelopean.

 

ZAHAGIAK ETA ARDOAK

XX. mendearen hasieran, organo-jotzaileen belaunaldi berri bat hasi zen Espainian zenbai obra idazten, errepertorio horrekin organo erromantiko berrien baliabideak erakusteko, anbizio handiko idazketa baten bidez. Figura erabakigarriak izan ziren Aquilino Amezua, organerian, eta Nemesio Otaño, alderdi musikalean, batez ere Antologia Moderna Orgánica Española delakoan (1909), non agertu baitziren gaur entzunen ditugun konposizioetako gehienak.

 

EGITARAUA

Hilarión Eslava (1807-1878) 
Ofertorio no 2 sobre Ave maris stella (5’)

José Alfonso (1867-1920) 
Andante quasi adagio (2’53”)

P. JoséAntonio de Donostia (1886-1956)
Entrada (1’50”)
Meditación en sol M (3’50”)

Juan Bautista Lambert (1884-1995)
Preludio – Coral

Bernardo Gaviola (1880-1944)
Fantasía y fuga en fa sostenido m (8’12”)

Nemesio Otaño (1880-1957) 
Adagio (4’50”)

Jesús Guridi (1886-1961)
Interludio (5’40”)
Fantasía en sol m (12’30”)

 

RAÚL DEL TORO SOLA

Iruñean, Bartzelonan eta Amsterdamen hezi da. Kontzertuak eskaini ditu estatu osoan; baita Europa, Amerika eta Asiako hainbat herrialdetan ere.

Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioko organo irakaslea da eta Salamanca eta Iruñeko Konserbatorioetan irakatsi du; gisa berean, Kantabriako Unibertsitateko Organoko nazioarteko Ikastaroan irakasle gonbidatua izandakoa da.

El órgano asteko programa aurkeztu eta zuzendu zuen Radio Clásica irratian. 2017ko irailean P. Donostiaren organorako lanaren doktore-tesia defendatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun