Dantzaren bueltan besta
Urtean zehar hainbat emanaldi egiten dituzte dantzariek herrian: «San Joan Egunean San Joan Xarren dantzatzen dugu, eta azken aldian maiatzean eta abenduan ere emanaldiren bat antolatu izan dugu». Herriko emanaldi guztiek xarma dutela iruditzen zaio: «bertako eta hurbileko jende aunitz hurbiltzen da ikustera, eta egindako lana baloratzea eskertzekoa da, horrek ematen digu urtetik urtera segitzeko gogoa».
Emanaldiak bat baino gehiago badira ere, herriko besten bueltan dantzak «presentzia handiagoa» du igantziar gaztearen ustez: «aitzineko aste hondarrean emanaldia antolatzen dugu, ilunabar batean egiten diren muxikoek geroz eta indar handiagoa dute eta San Migel Egunean bai goizeko dantzak, baita arratsaldeko soka-dantzak ere bereziak dira».
Izan goizeko eta arratsaldeko dantza saioengatik, edota goizeko karrika-bueltagatik San Migel Eguna «luzea baina berezia da», igantziar gaztearentzat. Bezperako giroa, herritarren gogoak eta Biltoki elkarteko afaria «hagitz gustuko» baditu ere, «eguneko besta geroz eta gehiago» gustatzen zaio: «goizean atera, eguerdiko giroaz gozatu, etxean edo hor barrena bazkaldu eta arratsaldeko ekitaldiak ikusi...», denetarik egiteko aukera izaten du: «batzuetan familian, bertzeetan kuadrillarekin edota haurren inguruan biltzen gara: dantzetan, erraldoi eta buruhandien konpartsaren bueltan, erraterako».
Baina ttikienak oheratzen direnean, «indarrek iraun bitartean arratsez ere hor ibiltzen gara» aitortu digu: «herriko eta plazako giroa gustatzen zaizkit, baina kontzertuetan eta ostatu giroan ere ibiltzen naiz». Gaua behar baino gehiago luzatzen bada, biharamunean «goiz-goizetik gorputza martxan jartzea» da gakoa. Ajeari ernatzeko astirik eman gabe, «ehuneko ehunean» bizi ditu bestak Olaia Matxikotek: «ahalik eta hoberen aprobetxatzen saiatzen naiz, goizez, arratsaldez eta gauez, beti bada gozatzeko aukerarik». Hori bai, besten ondotik, «gorputza bere onera bueltatzeko», egun batzuk behar izaten ditu, baina... «bertze aukerarik ez dago!» dio irri artean.