Euskaraldiarekin bat egin dute Bortzirietako alkateek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ira. 24a, 13:35
Ezkerretik hasita, Josu Iratzoki (Bera), Juankar Unanua (Igantzi), Miguel Mari Irigoien (Etxalar), Jose Luis Etxegarai (Lesaka) eta Mentxu Peña (Arantza).

Urriaren 7an Beran egitekoa den ekitaldian parte hartzeko deia egin diete Bortzirietako herritar guziei

Bortzirietako herritarrei Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena luzatu diete eta euren aldetik, ahal bezainbertze Ahobizi eta Belarriprest akitbatzeko, ekimena zabaltzen laguntzeko konpromisoa hartu dute.

 

«Herritarrak Euskaraldian parte hartzerat gonbidatzen ditugu». Halaxe adierazi dute bortz herrietako alkateek astelehen eguerdian Lesakako Plaza Zaharrean egin duten agerraldian. Josu Iratzoki Berako alkateak, Juankar Unanua Igantziko alkateak, Miguel Mari Irigoien Etxalarko alkateak, Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak eta Mentxu Peña Arantzako alkateak parte hartu duten agerraldian eta Euskaraldiarekin bat eginen dutela adierazteaz gain, «herritarren ordezkari izanik, ekimenarekiko eredugarritasunez eta erantzukizunez jokatzeko konpromisoa» hartuko dutela adierazi dute.

Ahal bezainbertze Ahobizi eta Belarriprest aktibatu nahi dituzte, eta udalen baitan eta udalerrian ekimena zabaltzen lagunduko dutela jakinarazi dute. Izen-ematea errazteko konpromisoa ere hartu dute.  Euskaraldian abiatutako hizkuntza-praktikak herritarren artean errotzea nahi dutenez, udalek beren esku dauden neurriak hartuko dituztela erran dute.

Bortzirietako aurkezpena urriaren 7an

Horrekin batera, urriaren 7an Beran egitekoa den ekitaldian parte hartzeko deia egin diete bortz herrietako herritar guztiei. Egun horretan, bertzeak bertze, Euskaraldiko Bortzirietako Hamaikakoa (Euskaraldiko 11 ordezkariak) aurkeztuko dute eta bortz herrietako hainbat eragile bertan izanen direla ere iragarri dute. Hitzordua 12:00etan izanen da, Merkatu Plazan.

Ekitaldi horren «helburu nagusia herritarrak aktibatzea» izanen dela azaldu dute: «ekitaldiaren bueltan, eskualdeko lehenbiziko ehun izen-emateak biltzea da erronka. Beraz, garrantzitsutzat da ahal bezainbertze herritar bertaratzea».

Euskara biziberritzeko ahaleginak

Nafarroan ofizialak bi hizkuntza direla oroitarazi dute bortz alkateek, baina euren irudiko, «begi bistakoa da euskara eta gaztelania ez daudela oreka egoera batean, ez esparru publikoan eta ez gizartean ere: gaztelania da nagusi». Orain arteko ahaleginarekin bakarrik bi hizkuntzak ez direla parekatuko uste dute bortz alkateek, eta hortaz, «indar gehiago paratu behar dugu hizkuntza-berdintasuna bulkatzeko; euskara lehenetsi behar dugu».

Euskara biziberritzeko «norbanakoen, gizartearen eta administrazioen arteko ahaleginak uztartu eta elkar elikatzen segitzea» beharrezkoa dela azpimarratu dute agerraldian, eta gisa berean, «beharrezkoa jotzen dugu hizkuntza gutituen aldeko hizkuntza-arau sozial berriei ere leku egitea». Testuinguru horretan kokatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak, Nafarroako Gobernuarekin eta bertze hainbat eragilerekin elkarlanean martxan paratu duten Euskaraldia ekimena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun