Haur elebidunen hizkuntza-garapena ezagutzeko ikastaroa eskainiko dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 21a, 06:45
Joan den urtean ere ikastaroa eskaini zuen EHUk Lesakako Harriondoa Kultur Etxean.

Ezohiko garapena duten haurren hizkuntza-garapenaz ariko dira irailaren 28an eta 29an Harriondoa Kultur Etxean

Haur elebidunen hizkuntza-garapena hobeki ezagutzen laguntzeko ikastaroa antolatu dute aurten ere, aldi honetan EHUren udako ikastaroen barne. Lesakan izanen da, irailaren 28an eta 29an, eta bereziki osasun arazoen edota arazo-sozialen ondorioz ezohiko garapena duten haurren egoera landuko dute.  Zehazki, hizkuntzaren garapenaren alderdi soziolingustikoak haurtzaroan. Ezohiko garapenean eskuhartze eta baloraziorako pausoak da ikastaroaren izenburua. Hezkuntza eta osasun arloko hainbat profesionalek parte hartuko dute. 

 

Irailaren 28ko egitaraua

Ortzirale arratsaldean, irailak 28, 16:00etan, Belen Compains Beaumont Lesakako Osasun Zentroko pediatrak ikastaroa inauguratuko du. Ondotik, Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola-Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko Ane Ortega Garciak hizkuntzen egoera soziolingustikoaz eta hezkuntzaren paperaz solasaldia eskainiko du.

17:30etik 17:45era geldialdia eginen dute, eta ondotik, orientatzaileen eta gurasoen arteko mahai-ingurua prestatu dute. Belen Compains pediatra izanen da moderatzailea eta Aranzazu Mikeo Arraras Lekunberriko eskolako orientatzaileak eta Nerea Martinez Lasheras, Anatxo Manzano Garraio eta Maria Angeles Razkin Lizarraga gurasoek parte hartuko dute.

 

Irailaren 29ko egitaraua

Larunbatean, 09:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea den Paula Kasares Corralesek belaunaldien arteko euskararen transmisioari buruzko hitzaldia eskainiko du. 10:00etan Naira Delgado Marquez hizkuntza terapeutak eta logopedak entzumen-trastornoak dituzten haurretan hizkuntza garatzeko entzumen eta hitzezko terapia solasaldia eskainiko du.

Ordu erdiko atsedenaldiaren ondotik, 11:30ean, Leire Diaz de Gereñu Lasaga eta Ines M. Garcia Azkoaga EHUko doktore eta irakasleek hartuko dute hitza. Ezohiko garapena duten haurrei hizkuntza erakusterakoan irakasleen sinismen eta praktikak izanen dute hizpide. 13:00etatik 15:00etara bazkaria eginen dute eta ikastaroa borobiltzeko Diaz de Gereñu eta Garcia irakasleen txanda izanen da berriz: hizkuntzaren ezohiko garapena eta gaitasun komunikatiboak lantzeko alternatiben inguruan ariko dira.

Ikastaroarekin, arazoak hautematerakoan, baloratzerakoan edo horietan esku hartzerakoan dauden gabeziak atzeman eta hobekuntzak egiteko proposamenak bildu nahi dituzte.

 

Izen-ematea

Maiatzean ireki zuten ikastaroan izena emateko epea, baina oraindik ere norbaitek ikastaroan parte hartu nahi badu badu aukera, www.uik.eus atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun