Argazki lehiaketa antolatu du aurten ere Lesakako Beti Gazte Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 21a, 06:40
Lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa eginen dute azaroaren 9tik abenduaren 2ra.

Lanak urriaren 29a baino lehen aurkeztu behar dira

Lesakako Beti Gazte elkarteak argazki lehiaketa antolatu du aurtengoan ere, Lesakako udalaren laguntzarekin. Honela, nahi duten afizionatu guziek har dezakete parte eta lanak urriaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira Beti Gazte elkartean (Beheko Plaza 9, 31770 Lesaka), gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz.

 

Argazkien gaia librea izanen da, baina sari berezia izanen da kirol argazkirik onenarentzat. Paperean egindako argazkiak aurkeztu beharko dira, zuri-beltzean edo kolorean eta digitalki manipulatu gabeak. Argazkiekin batera, CD bat bidaliko da, aurkezturiko argazkiak edukiko dituena, JPEG formatoan, 300 pppko guttieneko bereizmenarekin. Egile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkezten ahal ditu eta berak erabakiko du argazkiaren neurria, nahiz eta horietako bakoitzak gehienez 30x40 zentimetroko kartulinean jarrita egon beharko duen.

Lau sari emanen ditu Beti Gazte elkarteak. Lehenbiziko saria, 350 euro eta trofeoa izanen da eta bigarrena 250 euro eta trofeoa. Gainera, herriko egileen artean argazkirik onenari 200 euro eta trofeoa emanen zaio eta arestian aipatu bezala, sari berezia, 200 euro eta trofeoa izanen da kirol argazkirik onenarentzat.

Antolatzaileek izendatuko duten epaimahaiak azaroaren 9an emanen du erabakia eta egun berean hasita, azaroaren 9tik abenduaren 2ra, lanen erakusketa eginen dute Beti Gazte elkartearen egoitzan. Egile bakoitzak bakarrik sari bat eskuratu ahal izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun