Usategietako tradizioaren besta igandean ospatuko dute Lizarietan

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 20a, 07:55

Sarako dantzariek bere saioa eskainiko dute bazkaldu aitzinetik.

Etxalar eta Sararen arteko hitzarmena berresteaz gain, hainbat ekitaldi eginen dituzte 

Bertze urte batez, Etxalarko Usategiak antolatuta, usategietako tradizioaren besta ospatuko dute igande honetan, irailak 23, Lizarietan. 2011n bi udalek sinatutako hitzarmena berritzeaz gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

 

Egitarau zabala antolatu dute. Igandean 10:00etatik 13:00etara artisauen erakusketa eta salmenta postuak paratuko dituzte. Horrez gain, Usoak sarean erakusketa eskainiko du Sarako Ondareak. Usazaleen paletak egiteko erakustaldi parte-hartzailea eginen dute eta haurrentzako puzgarriak ere izanen dira. Taloekin hamaiketakoa egiteko aukera izanen da.

10:30ean botaluze pilota partida hasiko da. 11:30ean Usategietako makila (karrote) botatzeko munduko V. txapelketa eginen dute eta ondotik, nahi duenak paleta botatzeko aukera izanen du.

12:30ean 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalarren arteko hitzarmena berresteko ekitaldia eginen dute. 13:00etan Sarako dantzariek saioa eskainiko dute eta tokan aritzeko aukera izanen da.

14:00etan bazkaria eginen da eta eguerdian eta bazkal ondotik, Joxe Anjel akordeoilaria ariko da. Bazkarirako txartelak irailaren 20a baino lehen erosi behar dira, Elutsan edo Herriko ostatuan (22 euro).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun