Hizkuntza mentoretza proiektua Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 16a, 10:45

Bortzirietako edozein gazte euskaldunek har dezakete parte

Euskara maila hobetzeko beharra duten haurrei laguntzeko gazte boluntarioen bila dabil Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, hizkuntza mentoretza proiektu bat landu nahi baitu. Mentoretza haur eta gaztetxoei euren gaitasunak garatzen laguntzeko estrategia bat da, eta Bortzirietan errefortzua behar duten haurren euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko motibazioan eragitea du helburu.

 

Astean behin ordu eta erdiz elkartuko dira

Erabilera sustatzeko eta motibazioan eragiteko, mentore eta haurraren arteko konfiantzazko eta lagun arteko harremanak bilatzea izanen da helburu, eta noski, komunikazio hizkuntza euskara izanen da. Mentoreek, haurrei laguntza, aholkua, laguntasuna eta errefortzu positiboa emateko, bertze eragile batzuen laguntza izanen dute: ikastetxe. euskara mankomunitate edo Topagunearena, erraterako. Mentore bakoitza haur batekin egonen da (astegunez edo asteburuan, adostutako egunean), astean behin ordu eta erdiz eta erabakitako aisialdiko ekintzak eginen dituzte. Parte hartzeko 948 634125era deitu edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatzi behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun