Donostian eta Madrilen musika ikasi ondotik, Itoitz taldearekin, plazaz plaza ibilia da Xabi San Sebastian. Talde honetan, egun egiten den musika tradizionalera hurbildu da, hari betiere bere estilo eta nortasuna emanez, ahotsa eta gitarraren bitartez. Kepa Junkerarekin ere aritu izan da, Maren (2001) diskoko abestiak zuzenean abesten, lan hori plazaratu eta gero egin zituen biretan.
Bertsoak musikatu eta kantatu egiten ditu musikariak Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera saioan, baita ikus-entzunezko munduan beste lanak ere. Besteak beste, film laburretarako musika sortu eta grabatzen du. 2004an ekin zion bakarkako ibilbideari, eta dagoeneko lau disko kaleratu ditu; azkena joan den urtean.