Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa Arantzan jokatuko dute abuztuaren 17an

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 15a, 09:45
Beintza-Labaiengo hiru aizkolari izanen dira lehian, Jon Telletxea eta Etxeberriatarrak.

Irailaren 30ean Igantzin jokatuko diren finalerako bortz txartelen bila

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute abuztuaren 17an, ortzirale arratsaldeko 6:30ean Arantzako pilotalekuan. Zortzi aizkolari izanen dira lehian, irailaren 30ean Igantzin jokatuko den finalerako bortz txartelen bila.

 

Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko dituzte Asier Pellejero (Areso), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz), Iban Resano (Dorrao), Jon Telletxea (Beintza Labaien), Mikel Indakotxea (Zubieta), Miguel Angel Etxeberria (Beintza Labaien), Jesus Etxeberria (Beintza Labaien) eta Xuban Kañamares (Arostegi) aizkolariek.

Aipatzekoa da Ander Erasun, Aitor Senosiain, Moises Gogorza eta Patxi Mindegiak txapelketan ez aritzea erabaki dutela. Patxi Mindegiak medikuaren agiria aurkeztu du. Gainontzeko hiruak maila galduko dute. Aipatu bezala, Kanporaketan sailkaturiko lehen bost aizkolariek finalerako txartela lortuko dute. Finala irailaren 30ean jokatuko da Igantzin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun