Ekitaldi batzuetan bertzeetan baino eskarmentu handiagoa du Etxalarko gazteak. Pilota txapelketan, erraterako, «laugarren urtea» du aurtengoa; asaua prestatzen, berriz, ez daki zenbat daramatzan: «hamar urte inguru izanen dira...».
Herria girotuz
Pilota txapelketa «herritar gazteak eta ez hain gazteak astebururo biltzeko aitzakia da» etxalartarraren ustez, baina «inguruko herritarren bat ere bertaratzen da». Parte-hartzaileei esker, «herria girotzen dela erranen nuke» gaineratu du. Aurten hamar bikote ari dira. Tartean da Ibarra. Aitortu digunez, bere zaletasunetako bat da «kirola neurriz egitea», baina «partida ondotik Herriko Ostatuan, tertulia ederrean, hartzen duten garagardoak» ere badu erakartzeko gaitasunik. Oro har, «normalean gelditzen ez zaren jendearekin egotea» polita iruditzen zaio etxalartarrari.
Aitzinekoengandik ikasi, ondokoei irakatsi
Batean pilota eta bertzean zartagina hartuta, baina batean zein bertzean «ederki» moldatzen da Ibarra: «asaua prestatzea guri tokatzen bazaigu ere, ikaragarri ongi pasatzen dugu» adierazi digu: «hamabortz lagunen artean egiten dugu eta kuadrillan horretan abilak direnak baditugunez, kasu egitea aski izaten dugu».
Aunitz dira egitekoak: «letxuga garbitu, mahaiak jarri, edariak eskatu, haragia prestatu, zerbitzatu..., denetarik egitea tokatzen zaigu» adierazi digu.
Herriko «erretzaileen» laguntzaz, «300 bat lagunentzat» bazkaria prestatzen dute: «urtez urte antzeko kopurua etortzen denez, kantitateak neurtzeko aitzineko urtekoa izaten dugu ardatz. Hala, dezente moldatzen gara» adierazi du. «Haragi eta zerbitzu onar» esker, dena «behar bezala» ateratzea lortzen dute: «jendea hagitz gustura egoten da».
Aurtengoan, larunbata izaki, jendetza bilduko denez «herritarrak kanpoan ez gelditzeko» dei berezia egin nahi izan du, «zelaia ez da hagitz handia eta... ingurukoak ez etorrita ere beteko da» erran digu irriz.
Lanak, ordea, ez dira bazkariarekin batera bukatzen: «gero ermita zegoena baino garbiago utzi behar izaten dugu». Beraz, seguru bazkalondorako eta ondotik datozen garbiketa-lanerako bisitariak ametituko dituztela!