Arantzako ttunttunlariak: «Elkarlana gauza ederra dun»

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 11a, 10:45
Arantzako ttunttunlariak, Amabirjin egunean jotzen.

«Elkarlana gauza ederra eta beharrezkoa dun herria aitzinera ateratzeko». Halaxe diote Nerea Alzuri, Amaia Telletxea, Amaia Apezetxea, Leire Mitxelena eta Aintzane Pikabea Arantzako ttunttunlariek. Badakite zertaz ari diren, aspalditik ari baitira elkarlanean eta auzolanean. Gainera, gustura aritzen dira, «herriko saltsa eta auzolana gustuko» baitute. 

 

Lehenbiziko hirurak ttunttunlari beteranoak dira: «10-12 urterekin, Martin Ibarrola eta Gregorio Mitxelena txistua erakusteko prest agertu zitunan. Solfeoan ari gintunan eta instrumentua aukeratzeko momentua zunan». Garai hartan «akordeoia furian» zegoen arren, «Gregoriok bilera bat antolatu eta txistua ikastera animatu gintunan». Garai «polita» izan zela diote: «belaunaldi diferenteak, hiru gizon heldu eta sei neska gazte elkarrekin. Ordura arte segur aski gizonak bakarrik izanen zitunan. Aunitz disfrutatu geninan, haien ohitura transmititu zigutenan eta oraindik segitzen dinagu».

Mitxelena eta Pikabea, berriz, Gaizka Sarasola lesakarrarekin ikasiak dira: «Musika Eskolan instrumentu bat aukeratu behar geninan eta gustukoena ttunttuna genuenez eta honek Arantzan zuen presentzia eta auzolanarekin lotuz hasi gintunan». 8-9 urte izanen zituzten eta «beteranoen artean gauzak ikasiz eta kultura barneratuz» kontent ibili izan dira.

Merituz betetako urte saila pasatu dira geroztik, eta aldi oro, ttunttularien hitzorduetan izaten dira: «bestetan argisoinuetan, herriko dantzetan, dantza taldea kanpora ateratzean, prozesioetan, meza berezietan, ezkontzetan...». Hain zuzen, musu-truk eta borondate onez egiten duten lana eskertzeko, martxoan, Udalak omenaldia eskaini zien: «hagitz eskertuak gauden, auzolana eskertzeko modu polita dun».

 

Herri ttunttularia

Lotura haundia izan du Arantzak txistuarekin: ´herriko dantza txistu eta atabalarekin jotzen dun eta mozorroen inguruan ere ttunttunlariak ibili ditun aspalditikª. Juan Migel Biurrarena aipatu dute: «Arantzako ttunttunlari eta txistugilea, 1927an sorturiko Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakaria izan zunan».

Gaur egun, bortzkote honi esker segitzen du txistuak bizirik Arantzan, baina «txistua aspaldi ez din inork ikasi eta taldea odolberritzea polita» izanen litzatekeela uste dute: «saiatu beharko dinagu».

Ate joka diren bestetan ere ez dute hutsik eginen. «Lagun eta familia artean, egunez eta arratsez, ekitaldi aunitzetan parte hartuz» ibiliko dira, baina baita herriko karrikak eta plaza ingurua txistuarekin alaituz ere. Eurek gabe ezinezkoak izanen bailirateke herriko hainbat ekitaldi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun