Futbola utziko duela iragarri du Ane Bergara beratarrak

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 1a, 15:53

Ane Bergarak Athleticen eman du profesionaletako azken denboraldia.

31 urterekin, bizitza erdia eman du lehen mailan eta liga eta kopako txapeldun izan da, baita Europako txapeldun ere Espainiako selekzioarekin

15 urtez lehen mailan aritu ondotik, futbola utziko duela iragarri du Ane Bergara Artieda beratarrak. Liga eta Erreginaren Kopa irabazita eta Espainiako selekzioarekin Europako txapeldun izanda zintzilikatuko ditu botak.

 

1987ko otsailaren 3an jaioa, ttikitatik erakutsi zuen futbolerako trebatasuna. Gure Txokoan hasi bazen ere, berehala hartu zuen Barañaingo Lagunak taldearen deia lehen mailan aritzeko eta bere ametsa betetzeko, bere pasioaz, futbolaz bizitzea, alegia. Geroztik, Bartzelonako Espanyol taldean eman zuen denbora gehien eta hainbat titulu eskuratu zituen, Donostiako Real Sociedad taldean, bere betiko taldean aritu zen, FC Barcelonan klub mailan Europan aritzeko aukera izan zuen eta azken urtean, Bilboko Athleticen ere izan da. Espainiako selekzioan ere aritu da, Mundialean jokatu du eta Europako txapeldun izan da.

Joan den urtean, beratarren omenaldia jaso zuen Matzada futbol zelai berrituaren inaugurazio ekitaldian.

2019ko ekaina bitarteko kontratua zeukan Athleticekin, baina asteotan, bere egoeraz hausnartu eta izandako eskaintzak aztertu ondotik, futbola uztea erabaki du. Halere, bertze maila batean bada ere, futbolean jokatzen segituko duela adierazi du. Bere agurreko idatzian, eskerrak eman dizkie bide honetan lagun izan dituen guztiei, bereziki familiari eta gurasoei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun