Urteetan herriko bestak bizitzeko modua «dezente» aldatu zaio Berako bikoteari. Izan ere, «haurrak etxean ditugunetik eguneko giroaz aunitzez gehiago» gozatzen dute: «oraindik gazteak gara, baina nerabezaroan lana eta bertze interes batzuk tarteko, gau giroan ibiltzen ginen gehiago. Gaur egun, goizean hasten dugu eguna eta ekitaldi mota bat baino gehiagotan parte hartzen dugu». Azken batean familiaz gozatzea eta lagunarteko giroan ederki pasatzea dute bestetan helburu nagusi, eta biak uztartzeko, erraldoi taldearekin ateratzen dira: «hiru egunez erraldoiak dantzatuz ospatzen ditugu bestak».
BELDURRARI AITZIN HARTUZ
Haurrak zirela «erraldoiak ez genituen aunitz maite, urruti nahi genituen», baina pixkanaka hurbilduz joan ziren, beldurrari aitzin hartu eta barrutik bizitzeraino: «gure seme-alabei aunitz gustatzen zaizkie eta horrek bultzatu gintuen gu horretan sartzera, herriz herri erraldoiak bisitatzera...». Ikastarorako urratsa «elkarren bultzadaz» eman zuten eta ordutik, «urte sasoiaren arabera, toki eta ordu batean edo bertzean» biltzen dira. Areago, «etxean ere entsegatzeko aukera izaten dugu, elkarri pausoak erakutsi edota elkar nahasteko ere, nahiz eta behar baino guttiagotan egiten dugun» diote irriz. Baina beraien entseguez haraindi, taldean biltzen diren hamaika lagunek sortzen duten «giro paregabea» nabarmendu nahi izan dute: «irri egiteko aitzakiarik ez zaigu inoiz falta baina lanean aritzeko seriotasuna badugu». Elkarren artean «zirikan» batzuetan; eta «elkar lagunduz» bertzeetan, talde ederra osatzen dute.
Erraldoiak dantzatzeko ere zailena «beldurra gestionatzea» dela uste du Berako bikoteak: «barrutik ez delako gehiegi ikusten eta haize boladek ongi eustea zailtzen dutelako». Zailtasunak zailtasun, «esperientzia polita da» gaineratu dute. «Pisu hori gainean eraman eta dantzatu beharrak» nekatu egiten badu ere, gero eta taldekide gehiago izaki, «lana errazago eta alaiago» egiten dute. Hortaz, nahi dutenek, ateak irekita eta besoak zabalik dituztela jakinarazi nahi izan dute: «txandaka ibiltzen gara, aitzinetik zehaztu gabe, momentuaren arabera».
Bai erraldoien itxurarekiko bai eta erraldoiak dantzatzearekiko zituzten beldurrak gaindituta ere, gogotsu daude, eta erraldoiak prest dituzte: «suziria bota orduko erraldoiak gainean ditugula egiten dugun dantzak xarma berezia du». Hasiera polit horren ondotik, «kantu-bazkarian, danborradan, Berako egitarauaren bereizgarri den kukañaren bueltan...» ibili ondotik, berriz ere, erraldoiekin agurtuko dituzte bestak.