Lan bai, besta ere bai
13 urte zituela sartu zen txarangan eta ordutik herriko bestak «ia 24 orduz» bizitzen ditu. Gozatzeko «modu polita» dela uste badu ere, dakartzan ardurak argi azaldu ditu: «ahal bezain hoberen jo nahi izaten dugu, eta horrek gibeletik lan handia du».
Dena dela, saio batetik bertzera, lagunekin eta familiarekin elkartzeko aukerarik ez du galtzen. Beratar moduan herri-bazkaria da gehien faltan botatzen duena, «duela urte batzuk arte adin guztietakoak biltzen ginen herri-bazkarian eta orain bakoitzak bere aldera jotzen du» gaineratu du. Horren aitzinean, «bazkari herrikoiak behar lukeena baino partaide guttiago» dituela uste du. Hori horrela, bereziki, abuztuaren 3an, lehengusuekin eta izeba-osabekin mahai-inguruko egonaldia eta «kontzertu ondotik musikariekin egiten dugun poteoa» ditu gustuko.
Julen Errandoneak karrikako musikaren, bandaren kontzertuaren, kuadrilen bazkariaren eta pilota partiden artean, zaletasunak besta giroan bilduz pasatzen ditu bestetako bortz egunak. Hori guztia «eguneko bestarekin» lotzen du. Beraz, ez du zalantzarik: «dudarik gabe egunez gozatzen dut gehiago, eta gainera egunez pasatzen denaz hobe oroitzen naiz» dio irriz.
Besten atarian txarangaren oihartzuna aditzen hasia bada ere, beratarrarentzat aurtengoak ez dira «arruntak» izanen: «proiektu berezi bat azaldu zait parez pare ustekabean, ttikitako amets bat berpiztu duena», nekea gailen ez dadin «inoiz baino gehiago» zaindu beharko dela adierazi digu.
Ametsa egia
Aspaldiko ametsa egia bihurtzera bidean du: «Manaslura joanen naiz nafar alpinista gazteen entrenatzaile den Alberto Urtasunekin». Proiektua bera Urtasunek «Alpeetako bidaia batetik bueltan heldu ginela» aurkeztu bazion ere, Errandoneak ez zuen zalantzarik izan: «esaldia bukatu baino lehen baiezkoa eman nion». Azken urteetan izandako «bizipenen ondoriotzat» dute bidaia: «Izaban lankide izateaz gainera, Federazioko Gazteak taldean elkartu gara, Alpeetan arrokan eta izotzean eskalatzen, Atlasetan talde osoarekin, Pirinioetan eta penintsulako hainbat mendikatetan bi astetik behin...». Pixkan-pixkan «esperientziak multzokatu, horietatik ikasi eta zailtasun handiagokoak bilatuz» ibili dira.
Abuztuaren 28an hegazkina hartu eta biharamunean Katmandun elkartuko dira. Itzulerarako txartel zehatzik gabe «eguraldiaren erranetara», eta erronka handirik jarri gabe «gorputzak erranen du zertarako gai garen» eginen duen bidaia da. 8.163 metro, errateko laburrak, goititzeko luzeak direla jabeturik, «patxadaz» hartuko dutela argitu du: «aklimatazioa da bereziki zainduko duguna, eguraldiak eskaintzen dizkigun aukerak hartuko ditugu eta bizikidetza eta motibazioari erreparatuko diogu, esperietzia eder bat izan dadin».
Joan ahal izateko, gogoa ez ezik, «fisikoki prestatu, guztia antolatu eta dirua bildu» behar izan ditu beratarrak. Entrenamendu «luzeak, nekean eta altueran eginikoak» egiten ari da «psikologikoki ere motibazioa lantzea garrantzitsua da, maiz alde batera uzten badugu ere, eragin zuzena duelako». Inguruan gisa horretako entrenamenduak egiteko zailtasunak tarteko, «Alpeetan nago, anaiarekin, lehengusuarekin eta lagun handi batekin. Bizpahiru eguneko jarduerak egiten ari gara».
Laguntza eskertuz
«Baimenetatik hasi eta behar diren materialetaraino» bidaia horiek «garestiak» direla aintzat hartuz, dirua biltzeko kamisetak egin ditu: «dagoeneko 200 bat saldu ditut. Aunitzentzat kamiseta soil bat izanen da baina guretzat laguntza handia da, eskertzekoa». Oraindik erosi ez duenak bestetan izanen du aukera «gau krosean eta bestetako larunbat, igande eta astelehen eguerdian postutxo bat paratuko dut».
Proiektua bertze hainbat lekutan aurkeztu badute ere «erantzuna ia hutsala» izan da. Mendiak ez duela horrenbertze diru mugitzen jakinik, babes falta hori, «ulertzekoa» dela uste du Errandoneak. Horrek, neurri batean, onurak ere badakartzala erran digu: «horrelako jarduerek bere baitan presio psikologiko haundia dute, horregatik diru guztia gure poltsikotik eta kamiseten salmentatik ateratzeak lasaitasun puntu bat ematen du. Itzultzerakoan ez diogu inori azalpenik eman behar». Halere, «itzulerarako dokumental bat eta proiektu pare bat» garatzeko asmoa izan badute.
Aipagarritzat jo du horrelako proiektuek sortzen duten zeresana «aunitzek erotzat jotzen naute, bertze batzuk ikusmira handiegiak ditudala diote, baina honelako aukerak guttitan daude eta pribilegiatu bat sentitzen naiz esperientzia hau bizitzeko aukera izateagatik». Era berean, «beti mendiaz irakatsi eta babestu nauten guziekin, familiarekin, kuadrillarekin, Xantirekin, Anddurrekin, Paterrekin, Manttaleko lagunekin, Karlosekin… , zorretan egonen naiz» beraien «babesari esker» mendiaz gozatzen duela aipatu nahi izan du.